Liburu bila gerturatu ohi nintzen irrikaz, batzuetan ikastolarako irakurri behar genituelako, besteetan, aldiz, herri liburutegian ezin nezakeelako topatu gogo biziz espero nuen nobela berria. Noizean behin atsekabetuta ere agurtzen zintudan, eskatutakoa eskura izateko pare bat aste itxaron beharko nituela esaten zenidanean. Eleberriak irakurri ahala entzuten nituen adi-adi zure gomendioak, izan ere, dendako atea igarotzen nuen bakoitzean boteretsuagoa bilakatzen zen bertan topa nitzakeen unibertso berriekiko erakarpena. Bisita bakoitzean, ahots sakon, leun eta patxadatsuaz azaltzen zenizkidan intereseko nituen istorioen tankerako autore eta obrak. Nire irudimena elikatzen eta aberasten zenuen hitzez hitz, orrialdez orrialde.
Irakurzaletasuna, jakin-mina eta ezagutzaren gotorleku bilakatu zenuen Pablo Mutiozabal kaleko egoitza txikia. Eta orain, espazioa eta zu zeu desagertu zareten honetan, faltan botatzen zaituztegu. Izan ere, azkenerako, kutsu magikoa hartu zuen Ekainek askorentzat, haren ateak zeharkatzea: ekintza seinalatu. Eta horrexegatik miresten dugu horrenbeste egun, Lasarte-Orian liburu-dendarik gabe geratu garen honetan. Mila esker, Iñaki, oroimenean bada ere, babeslekua bizirik mantentzen jarraitzeagatik.