Esnatu eta segituan zaitugu pizten. Atzoko gertakarien eta gaur jazoko direnen kontakizunaren erritmora gosaltzen dugu askok. Belarriak goxatu eta musika doinuak, elkarrizketak, anekdotak... ekartzen dizkio sukaldean dabilenari, lanera bidean denari, konpainia egiten dio eguna errepidean igarotzen duenari ere.
Haurra nintzela ezagutu zintudan, eta etxeko kide sentitu zaitut ordutik, beti piztuta, beti zerbait esateko prest. Arraroa izan da hondatu edota argindarrik gabe geratu zaren uneetan hitzik gabe, isilpean sumatzea.
Urteen poderioz aldatu gara biok, baita gure arteko harremana ere. Ezagutu zaitut barrutik, jakin dut etxera helarazten zenizkidan istorioak zein modutan osatzen diren, eta igaro naiz zure uhinen parte izatera, ahots bidezko ene mezuak Euskal Herri osora hedatzera. Ezagutu dut zure alderik gogorrena ere, presak eragindako tentsioa, bat-batekotasunaren aginduz galdutako mamia, elkar ulertu ez izanak sortutako frustrazioa.
Baina lagun izaten jarraitzen dugu, noski. Azken aldian, lotara joan aurretik entzuten zaitut bereziki gustura, begiak itxi eta infinitura hegan egin dezakedan une horietan. Hori baita zure magiarik bereziena, hitzaren erabilera soilaren bitartez, gure irudimenean mundu berriak sortzea. Mila esker, irrati maite, gaurkoan ere.