Pasa den igandean Nafarroako herri seinalatuan izan ziren eskuin laranja, urdina eta berdea, azken bi urteetan Espainiako estatuko hedabide nagusiek hamaika modutara haizatu duten herrian. Askatasuna aldarrikatzera joan omen ziren bertara, euren iritzien zilegizko defentsa egitera. Askatasun indibiduala eta kolektiboaren arteko muga, ordea, lausoa da kasu honetan.
Onartuko al genuke halako ekitaldi bat gure herrian antolatu izan balute? Gai izango al ginateke, normaltasun osoz, etekin elektoralen truke joko mediatikoa pozoitu beste helbururik ez dutenen zirkuari men egiteko?
Igandeko ekitaldiak ere islatu zuen eskuineko kideak, egoerak hala eskatuz gero, prest daudela indarrak batu eta egoera jakinetan erantzun bateratua emateko. Eskuinak, baina, hainbat aurpegi ditu, baita bandera ere. Ekitaldiaren aurreko orduetan eztabaidagai nagusien artean izan zen bertan bildutako jarraitzaileek Konstituzio aurreko sinbolorik aireratuko ote zuten. Bandera frankistarik ez zen bistan izan, baina aspalditik ezaguna da zein den alderdion jatorria eta sakoneko pentsaera.
Iritzi oro ez da onargarria eta oinarrizko eskubide zein askatasunen aurka egiten duten ideiek gaitzespen irmoa merezi dute. Horregatik, funtsezkoa da egun, mundu zabalean mezu eta lider faxistak indartzen ari diren garaian, hitzei benetako esanahia ematea. Terminologia irauliz biztanleria konbentzitu nahi dutenen gezurrak ez onartzea. Denak ez du balio.