Ihes kutxak EAGIko ikasgeletara iritsi dira

Erabiltzailearen aurpegia EAGI Gipuzkoako Eraikuntza Eskola 2026ko ekainaren 25a

Zer gertatuko litzateke etorkizuneko lanbideak jolas baten bidez ezagutuko bagenitu? Galdera horri tiraka jaio da E-Box4U (Escape Box for Your Future Education) Erasmus+ programaren esparruan gauzatzen den eta Europar Batasunak Finantziatzen duen nazioarteko proiektua. Ekimen berritzale honen asmoa argia da: gazteak modu erakargarri, dinamiko eta motibagarrian hurbiltzea Lanbide Heziketara eta gerora begira indartsu datozen sektore profesionaletara.

 

EAGIrentzat proiektu oso garrantzitsua da, nazioartean egiten duten lehen lankidetza proiektua da-eta! Hiru urteko iraupena izango duen ekimen honetan, Danimarka, Herbehereak, Hungaria, Polonia eta Espainiar Estatuko bi ikastetxek osatuko dute lantaldea (IES la Malvasia eta EAGIk). Europako LHko beste zentro batzuekin elkarlanean arituko dira esperientziak partekatzen eta hezkuntza berrikuntzan elkarrengandik ikasten, Lanbide Heziketaren etorkizuna elkarrekin eraikitzeko helburuarekin.

Ikastea erronka bihurtzen denean

E-Box4U proiektuaren bihotza ihes kutxa edo Escape Box mugikorrak dira. Escape room baten antzera funtzionatzen dute, baina gela batetik ihes egin beharrean, ikasleek talde lanean oinarritutako lan-munduko benetako egoeretan inspiratutako erronkak gainditu beharko dituzte.

 

Erronka horiek gori-gori dauden gaiak izango dituzte ardatz: jasangarritasuna, eraikuntza berdea, industria adimenduna eta klima aldaketaren aurkako ekimenak. Horrela, jolasean ari diren bitartean, ikasleek arazoen konponketa, sormena, lankidetza eta pentsamendu kritikoa landuko dituzte, etorkizuneko lanbideekin zuzen-zuzenean konektatzen duten bitartean.

 

Ikasle eta enpresen artean landutako edukiak

 

Proiektuaren edukiak ez dira aurrez erabaki, horixe da bere abantailarik handiena. Kontrakoa: ikasleek, irakasleek eta sektoreko enpresek elkarrekin sortuko dituzte erronka eta jarduera guztiak. Horretarako, Innovation Camp izeneko saioak antolatuko dituzte. Topaketa horietan, parte hartzaileek beren ideiak plazaratuko dituzte, enpresen benetako beharrei erantzungo dieten erronkak diseinatzeko. Horrela, ikasitakoa errealitate profesionalera guztiz egokituko da, eta ikasleak askoz ere inplikatuago egongo dira.

EAGIren ekarpena

EAGIk eraikuntza jasangarrian eta adimendunean duen eskarmentua jarriko du mahai gainean, eta ihes kutxen diseinuan eta prototipoen garapenean lagunduko du. Sektoreak gaur egun dituen erronka nagusiak identifikatuko ditu, jasangarritasuna proiektuaren ardatz bihurtuz.

 

Gainera, EAGIko ikasleek bertatik bertara ezagutuko dituzte arlo hauetan sortzen ari diren lan aukera berriak, Lanbide Heziketa etorkizuneko lanbide bide arrakastatsu eta erakargarri gisa ikus dezaten.

Europan zehar zabalduko den eredua

Proiektuak irauten duen bitartean, gutxienez ehun ikaslek eta hogei irakaslek probatuko dituzte materialak, eta, ondoren, sortutako prestakuntza gidak eta baliabide pedagogiko guztiak doan jarriko dira Europa osoko ikastetxe eta orientazio zentroen eskura. Izan ere, helburua ez da soilik ikasgelan ondo pasatzea: E-Box4U-k Lanbide Heziketaren balioa aldarrikatu nahi du, gazteei bide berriak erakutsiz eta hezkuntzaren zein enpresen arteko zubiak sendotuz.

 

EAGIko arduradunek azaldu dutenez sare honetan sartu eta Europako beste hezkuntza komunitate batzuekin batera hazteko aukera paregabea da hau. Nazioarteko ibilbidearen lehen urrats gisa ikusten dute, eta ilusioz zein gogoz beterik heltzen diote erronkari. Etorkizuneko lanbideak ezagutzeko modu berriak sortzen ari dira, eta olatu horren parte izateaz harro daude!