KOMUNITATEA

Arkitektura ikasleak EAGI ikastetxean

Urteak daramatza Lasarte-Oriako EAGI ikastetxeak Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoarekin elkarlanean eta honen barnean urtero antolatzen dute Paperak aldatuz jardunaldia. Bertan, lanbide heziketako ikasleak unibertsitatekoen irakasle bihurtzen dira egun batez eta honi esker etorkizuneko arkitektoek marrazten dutena eraikitzea uste baina konplikatuxeagoa dela ikasten dute.

Goizeko bederatzietan iritsi ziren hirugarren mailako laurogei bat arkitektura ikasleak EAGIra, beraien irakasle Iñigo Lizundia, Itziar Rodríguez eta Lauren Etxeparerekin. Lehenik eta behin Lidia Alcerreca zuzendariak eta Imanol Manterola ikasketa buruak harrera egin zien denei eta egin beharko zituzten lanen berri eman segidan. Segurtasun neurriak jantzi ondoren, erdiek igeltseritza lanei ekin zieten eta beste erdiek igeltsu panel tabike muntatzeei. Ordu eta erdiko lanaren ondoren, atsedentxorako aukera izan zuten denek, hamaiketako eta guzti. Honen ondoren, taldeek lanak aldatu zituzten.

Urteroko moduan ikasle guztiak, bai EAGIkoak zein arkitektura eskolakoak, pozik agertu ziren elkartrukeaz.