Azken astea dute Beterri-Buruntzako ekintzaileek 2.000€ko dirulaguntza eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Beterri-Buruntza Mankomunitatea 2025ko urr. 3a, 13:58

Beterri-Buruntzako herritarrek enpresa berri bat sortu edo martxan jarri nahi badute, oraindik aukera dute Lanbidek abiarazitako “Lanbide Ekintzaile” programan izena emateko. Ekimenak hiru hilabeteko iraupena izango du, eta parte-hartzaileek taldeko prestakuntza-saioak zein banakako tutoretzak izango dituzte, beren enpresa-ideiak garatzeko. Eskaera egiteko azken eguna urriaren 13a da.

Programan parte hartzen duten ekintzaileek dirulaguntza jasoko dute prozesua aurrera eraman bitartean: 2.000 euroko laguntza orokorra, gehi %15eko igoera 18-30 urte bitarteko gazteentzat eta %15eko igoera emakumeentzat. Hasieran jasotzen da laguntzaren %60, 1.200€, eta ideia martxan jartzen bada, baita gainerako %40 ere, 800€.

Izena emateko, eskatzaileek zenbait baldintza bete behar dituzte: langabea izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, eskualdean erroldatuta egotea (Hernani, Andoain, Usurbil, Urnieta, Astigarraga edo Lasarte-Oria) eta aurreko urteetan antzeko laguntzarik jaso ez izana, besteak beste. Gainera, 3 hilabete eskaini beharko dizkiote esklusiboki beraien negozio-ideia aztertzeari, martxan jartzen saiatzeko.

Parte hartzeko, ekintzaileek urriaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dute beren enpresa-ideia Mankomunitatean, ekintzailetza@beterriburuntza.eus helbidera idatzita.