Pedalkada bakoitzarekin gozatzen

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko api. 22a, 18:49
Ia bostehun txirrindularik primeran pasa dute Andatza mendian barrena, BTT Lasarte-Oria proban parte hartu bitartean. Goizean goiz irten dira Okendotik, eta bertan helmugaratu, hainbat ikusleren txalo artean

Nekez eska zezaketen antolatzaileek baldintza hoberik: eguraldi ona, freskoa (goizeko bederatzi t'erdietan behintzat bai; eguerdi aldera gogotik jo du eguzkiak), ia bostehun txirrindulari Andatza mendian murgiltzeko prest (465, zehazki)... Kirolaz gozatzeko osagai guztiak eduki ditu BTT Lasarte-Oria probak. Parte-hartzaileek pedalkada bakoitzaz gozatu dute, Okendo plaza atzealdeko helmuga zeharkatu arte. Hainbat ikuslek txalo artean hartu dituzte txirrindulariak.

Aurten aurrenekoz, FlyGroup taldeak lagundu du ekitaldia antolatzen, baina probaren izpirituak hasierako berbera izaten segitzen du. Emaitzak, denborak, postuak eta markak ez dira garrantzitsuak. Inportanteena disfrutatzea da, bizikleta hartu eta kirolaz gozatzea, mendian barrena zein errepidean. Nekatuta iritsi dira txirrindulariak, baina irribarretsu era berean, satisfazio aurpegiekin. Salbuespenen bat edo beste egon da, dena den; parte-hartzaile batek oinez zeharkatu behar izan du helmuga, katea atera zaiolako proba bukatu aurretik. Gizon eta emakume helduek eman dute izena gehienbat, baina BTT probak etorkizuna bermatuta duela esan daiteke, gaztetxo batek baino gehiago animatu delako, gurasoekin batera, bizikleta hartu eta lasterketan parte hartzera. Bi ibilbide prestatu dituzte, ohi bezala: luzea bata (38 kilometro, eta 1.100 metroko desnibel positiboarekin), eta motzagoa bestea (28 kilometro, eta 800 metro desnibel inguru). Antolatzaileen hitzetan, "errazagoa" izan da aurtengo trabesia: "Iaz agian pasa egin ginen, zati batzuek zailtasun handia zuten".

Iaz baino lokatz gutxiagorekin bukatu dute proba txirrindulariek, baina, hala ere, mangera hartu eta errepaso ederra eman dio bizikletari batek baino gehiagok. Hori baino lehen, Antonio Mercero guneko arkupeetan indarrak berritu dituzte: txistorra ogitartekoak, fruta, ura, garagardoa...esfortzu ederra egin eta gero gustura jan eta edan dute txirrindulariek. Euren bizikleten gurpilak bezain biribila izan da igande goiza.

Argazki galeria

Lotutako albisteak

Antolatzaileei elkarrizketa

Ibilbide berriak