BTT trabesiak ibilbide berriak izango ditu

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 14a, 12:00
BMW Lurauto BTT Lasarte-Oria trabesia apirilaren 22an jokatuko dute. Ibilbide berriak direla eta, bideak ezagutzeko hitzordua dago igandean, apirilaren 15ean. Aurten bizikleta elektrikoan ere egin daiteke proba. Izena ematearekin batera oparia banatuko dute

BTT txirrindularitzako zaletuek hitzordu polita dute apirilaren 22an: BMW Lurauto BTT Lasarte-Oria trabesia. Zortzigarren edizio honetako berrikuntza nagusia ibilbide aldaketa da. 

BTT Lasarte-Oria Trabesia irekia da, edonork parte hartu dezake. Okendo plazatik aterako diren bi ibilbide izango dira, bata adituentzat eta bestea amateurrentzat.

Zirkuitu berria izango da aurten, ordea. Txirrindulariek, beraz, argi ibili beharko dute egun hauetan probako sare sozialetan eta webgunean, antolatzaileek bertan argitaratuko baitituzte bide berriak.Hala ere, igande honetan, apirilaren 15ean, nahi duten parte hartzaileek ibilbideak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute . Hitzordua goizeko 8:00etan izango da, hipodromoko zubian.

Aurtengo edizioan bada beste berrikuntza bat ere: bizikleta elektrikoak erabili ahalko dira trabesia egiteko. 

"Trabesia bat denez eta ez txapelketa, aurten txirrinda elektrikoen parte hartzea baimendua egongo da", azpimarratu dute antolatzaileek.

Nahi duenak, beraz, bere txirringa elektrikoarekin parte hartu dezake.

Mendiko bizikleta edo elektrikoa, parte hartzaile guztiak Antonio Mercero plazako helmugara iritsiko dira. Bertan indarrak berreskuratzeko garagardoa eta Patxi Larrañagak eskaintzen duen txistorra dohainik izango dute. Txirrindularien lagun eta senitartekoek ere janari eta edariaz gozatu dezakete. 

BTT Lasarte-Oria trabesiaren izena ematea martxan da dagoeneko. Apirilaren 15era arte, partehartzaileek 15 euro ordaindu behar dituzte; azken astean, berriz, inskripzioa 18 eurokoa izango da. Betiere, txirrindularitza lizentzia indarrean badute.

Lizentzia izan ezean, hiru euro gehitu behar zaizkio izena emateari segurua dela eta. 

Antolatzaileek adierazi dutenez, izen emateak erritmo bikaina du, eta giro ederra bermatua dago.

Dortsalarekin batera, kaskoa babesteko zorro eder bat jasoko dute txirrindulariek. Baina ez da opari bakarra izango; arte hartzaileei opari desberdinak egokitu ahalko zaizkie amaierako festan egingo duten zozketan. 

Hurrengo asteetan zehar opariak zeintzuk izango diren zehaztuko dute, baina probako laguntzaileen produktuak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.