"BTTko trabesiak herria suspertzen eta haren izena zabaltzen du"

Adrian Garcia 2018ko api. 20a, 11:34
Igande goizean jokatuko dute BTTko trabesia, Andatza mendi inguruan. Antolatzaileek dena prest dute; eguraldi ona lagun, parte hartzaileek bizikleta egun handi batez gozatzeko gonbita egin dute. Azken ordura arte dago izena emateko aukera

Atzera kontua jarria dute dagoneko. Lanpetuta ibili dira Lasarte-Oria BTTko antolatzaileak, baina dagoeneko dena prest dute. Igandea iritsi zain besterik ez daude. 09:30ean aterako dira txirrindulariak Andatza mendi inguruko parajeetaz gozatzeko. Lagun talde batek sortu zuen trabesia duela zortzi bat urte, eta orain arte haiek arduratu dira dena antolatzeaz. Aurten aldaketa bat eduki dute. Flygroup taldeak lagundu du antolakuntza lanetan. Halere, probaren ezpiritua hasierakoaren berbera jarraitzen du. 

300 bat pertsonek eman dute izena oraingoz, baina azken egunetan gehiago izatea espero dute. Larunbatean eta igandean bertan ere aukera dago proban inskribatzeko. Bihar Urbileko Eroskiko gunean, eta etzi goizean, Antonio Mercero gunean. 500 parte hartzaileen bueltan ibili dira azken urteetan. 

Mikel Galdona, Gorka Lertxundi, Jose Ignacio Diez, Andoni Gomez eta Alvaro Castro aritu dira antolatzaile lanetan, besteak beste. Mahai inguruan bildu ditu txintxarri-k probari buruz hitz egiteko. 

Badu berezitasun bat trabesiak, ibilbideei dagokionez. Bi ibilbide  prestatzen dituzte, bat bestea baino motzagoa. Baina urtero-urtero berritzen dituzte, eta soilik azken astean jakinarazten dituzte.  "Urtero aldatzen dira zertxobait, nahiz eta oinarria berbera izan.  Bide berriak aurkitzen saiatzen gara, baina gauza handirik ezin da asmatu Andatzan", dio Galdonak. 

Aurten ibilbide luzeak 38 kilometro ditu, eta 1.100 metroko desnibel positiboa. Motzak antzeko ibilbidea egiten du, baina  bidegurutze batean bidelaster bat harten du. Guztira 28 bat kilometro ditu, 800 metro desnibel inguru. Anoa postuak izango dira ibilbidean zehar, baita helmugan ere. 

Errazagoa
Iazkoa baino errazagoa da trabesia, antolatzaileen arabera.  "Iaz agian pasa egin ginen, zati batzuek zailtasun handia zuten", hausnartu dute bost lagunek. "Aurten txirrindatik jaitsi gabe ibiltzeko zati gehiago daude. Iaz euria egin zuen, eta lokatzarekin asko zaildu zen proba", azaldu du Castrok. 

Lasarte-Oria BTTko webgunean eta sare sozialetan argitaratu dituzte ibilbideak. Halere, ohartarazi dute "aldaketarentxo bat edo beste" izan ditzatekeela, azken unera arte egon baitira gauzak hobetzen. Edonola ere, ibilbide guztia ongi markatua dago, eta bidegurutzeetan boluntarioak izango dira, inor galdu ez dadin. "Badaezpada ere, GPSko track-ari begira dagoena harritu ez dadin: ibilbidea ez dator guztiz bat". 

Azken finean, bi helburu buruan prestatu dute trabesia. "Batetik, edozeinek parte hartu ahal izateko prestatzen dugu motza. Bestetik,  ondo ibiltzen dena asetzeko dugu luzea", dio Castrok. Halere, "ibilbide teknikoa" dela ohartarazi du Galdonak. "Mendian bizikletan ibiltzen ohitura duenak ez du arazorik izango. Baina ibili egin behar da". 

Eguraldi ona egin du aste osoan, eta astebururako ere eguzkia dago iragarria. Horrek proba erraztuko du, lokatza lehortu delako. "Azken urteetan baino errazagoa izango da. Halere, mendian badaude urte osoan lokaztuta dauden zonaldeak", oroitarazi du Galdonak. 

Joan den igandean deialdia egin zuten ibilideak ezagutzeko. 30 bat pertsona azaldu ziren, beste urteetan baino gehiago. "Pozik gaude, sare sozialetan egin genuen deialdia, eta ezagutzen ez genuen jendea agertu zen, gazteak horietako asko". 

Denborarik gabe
Probaren ezpiritua argia da: ez da lehiakorra, denborak ez baitira hartzen. "Ondo pasatzea da helburua". Halere, gisa horretako probatan gertatu ohi denez, parte hartzaileen artean izaten dira lehia txikiak. "Normala da, bakoitzak nahi bezala gozatzen du trabesiaz. Beste probetan ez bezala, guk ez dugu denborarik hartzen, beraz, ez dugu sailkapenik egiten. Nahi duena azkar ibili dadila, guk ez dugu hori sustatzen. Saririk ez dugu banatzen, zozketa egiten dugu".

Beste berrikuntza bat dakar aurten: bizikleta elektrikoekin parte hartzeko gonbita egin dute. Mota horretako bizikleta gero eta gehiago ari dira ikusten azken aldian, eta aukera luzatu nahi diete horiei ere proban aritzeko. "Ez da lasterketa bat, beraz lekua dute bizikleta horiek. Lesioren bat, edo gainpisua duten pertsonek erabiltzeko aukera ona da. Gero eta gehiago erabiliko dira". 

Mimoz prestatzen dute proba, eta saiatzen dira parte hartzaileak ongi zaintzen. Horregatik, izen ematearekin batera oparitxo bat banatzen dute urtero. Aurten kaskoa gordetzeko zorro bat emango dute dortsalarekin batera. Horrez gain, babesleek emandako produktu guztiak zozketatuko dituzte probaren amaieran. 

Herriaren izena zabaldu
Horrelako proba bat egiteko gauza asko hartu behar dira kontuan. Baina denetan "buruhauste handiena" boluntarioena da. Lan ikusezina da haiek egiten dutena, baina ezinbestekoa tamaina horretako ekitaldi bat egiteko. "Zaila da boluntarioak lortzen eta horiek kudeatzen. Denek nahi dugu proba egin, baina adinean aurrera egin ahala nahiago dugu familiarekin egon edo beste gauza batzuk egin", dio Galdonak. 

60 boluntario behar dituzte denera; gurutzebideak zaindu, anoa postuetaz arduratu, dortsalak eman, argibideak eman parte hartzaileei... Horrez gainera, probaren aurretik ere lan handia egin behar da. "Ibilidea markatu eta zehazteaz gainera, bidea garbitu behar da, txirrindulariek gero arazorik izan ez ditzaten. Harriak, pintxoak... kendu behar dira, putzuak lehortzen saiatzen gara". 

Saiatuz Txirrindulari Taldekoek sortu zuten trabesia orain zortzi bat urte, eta ordutik indarra hartu du probak. Urte gutxian eskualdeko erreferentziazko trabesia bilakatu da. Inguruko herrietako parte hartzaileez gainera, urrutiagotik ere etorri izan dira. 

Izan ere, gisa horretako probak onuragarriak dira herriarentzako, "suspertu egiten dituztelako". Zalantzarik ez dauka boskoteak; giroa jartzen dute parte hartzaileek eta haiek laguntzera etortzen direnak, eta Lasarte-Oriaren izena zabaltzen du. Haatik, laguntza gehiago faltan sumatzen dute. "Herriak ez digu gehiegi laguntzen. Ez jendeak, ezta udalak ere. Egin ditugun deialdietan jende gutxi agertzen da". Azkenean gertukoen  laguntzari esker ateratzen dute aurrera. "Herri txikiagoetan agian kontzientzia handiagoa daukate".