ESKUALDEA

Komunitatearen jaialdia ospatuko dute larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 24a, 12:41

Bizipoza Elkarteak ospakizun festa handi bat aurrera eramango du larunbat honetan, Hernanin, 10:30etik aurrera. Sarea osatzen duten 38 elkarteetako ordezkariak eta beste zenbait eragilek nahiz norbanakok parte hartuko dute. 

Irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmo bat da Bizipoza Elkartea eta urteak daramatza helburu honen alde lanean: "izaera bereziko gaiak" lantzen dituzten haur eta familien ongizatea bilatzen duten elkarteei (38 dira gaur egun) laguntza afektiboa eta materiala ematea. Urte osoan inurrien pare lan egiten dute baina den-dena ez denez beharra, gorriz markatuta dute guztiak elkartu eta bizitza batera ospatzeko eguna: hilaren 27a, larunbata. Hauxe da Hernaniko zenbait gunetan aurrera eramango duten egitaraua (bezperan, motorrak berotzeko, Badator Bizipoza Jaia! ekimena egingo dute):

Hilak 26, ostirala, Gudarien plazan

  • 15:15ean, Hernaniko ikastetxeen eskutik, Badator Bizipoza Jaia!

Hilak 27, larunbata

ATSEGINDEGI

  • 10:30etik 14:30era, Bizipozako kide diren elkarteen gunea.
  • 10:30etik 14:30era, Bizipoza jolasa.
  • 10:30etik 14:30era, euskal tonbola, Dobera euskara elkartearen eskutik.
  • 11:00etan, Goazen!-eko lagunen ikuskizuna.
  • 11:30ean, Hernaniko erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian barrena.
  • 11:45ean, Ttarla Dantza Taldearen emanaldia.
  • 12:30ean, Hernaniko Musika Eskolako trikitilariak herrian barrena.
  • 12:45ean, Bizipozako kide diren elkarteei aitortza eta eskertza ekitaldia.
  • 13:30etik 15:30era, paella jana Pausoka elkartearen eskutik.
  • 16:00etan, irri, kantu eta dantza Zapotxin, Porrotx eta Marimotots pailazoen eskutik.
  • 17:30ean, askaria.
  • 18:00ean, Itzal taldearekin erromeria.

URBIETA KALEA

  • 10:30etik 14:30era, haurrentzako tailerrak. Kanika Aisialdi Taldea, Aratz ikastola eta Gaztelekuaren eskutik.
  • 12:00etan, Hernaniko Boleibol Taldearen Hartubol erakustaldia.

BITERIKO PLAZA

  • 10:30etik 14:0era, Bizipozako kide diren elkarteen tailerrak.
  • 12:15etik 14:30era, Hernani Burujaberen altxorraren bila.