Lasarte-Oria zipriztinduko du Bizipoza Elkarteak hilaren 26an, jaialdi batekin

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko api. 16a, 12:30

Hilabeteak daramatzate elkarrekin lanean Lasarte-Oriako Bizipoza taldeko eragileek eta herriko ikastetxeek. Tarte horretan jorratu dutena erakutsiko dute: adibidez, hezkuntza inklusiboari buruzko egitasmoa den Bizipoza Eskola nola hasi diren lantzen. Horren guztiaren berri emateko jaialdi bat antolatu dute hilaren 26rako eta norbanako, eragile nahiz erakunde oro gonbidatu dute parte hartzera.

Hilabete euritsua izan ohi da apirila, zipriztin askokoa. Edonola ere, tanta guztiak ez dira ura eta denek ez dute gorputza berdin bustitzen. Lasarte-Oriako Bizipoza taldea eta herriko ikastetxeek, esaterako, herritarren bihotz eta gogoak inklusioz, aniztasunez eta euskaraz isuriko dituzte hilaren 26an, Bizipoza Eskola izeneko egitasmoa aurkezteko egingo duten jaialdian. Hauxe da ostiral horretarako prestatu duten egitaraua, Okendo plazan (eguraldi txarra egiten badu, enparantza horretako egitasmoak Oriarte Landaberri institutura eramango dituzte eta Antonio Mercero aretoan:

  • 15:15ean, ikastetxeek herria zipriztinduko dute, Okendon. Koreografiak dantzatu eta jaialdirako propio prestatutako pankartak erakutsiko dituzte, besteak beste. Porrotx pailazoak aurkeztuko du saioa.
  • 18:00etan, Bizipozan parte hartzen duten elkarteek zipriztinduko dute Lasarte-Oria. Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikotean aritutako zenbait kide ariko dira beraiekin.
  • 18:30ean, Antonio Mercero aretoan, Bizipoza Eskola egitasmoa aurkeztuko dute proiektu horren koordinatzaile Nerea Godoy Fuentes eta Bizipozaren koordinatzaile Leire Elizegi Belokik. Ondoren, mahai inguru bat egingo dute eragile hauekin guztiekin: Ttakun Kultur Elkartea; Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte ikastetxeak; Amassorrain ikastola; Ostadar Inklusioa; Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria; Aspanogi elkartea; Naizen elkartea; eta Izan Iñurri elkartea. Ekitaldi horretan parte hartuko dute baita ere Earra bertso eskolako kideek eta Maialen Aristegi kantautoreak. Antonio Mercero aretoan izango da.

Nabaritzen da lehen aipatutako eragileak gogotsu ari direla jaialdia antolatzen, hartze bakarra egin behar izan dutelako kazetariek deialdi bateratua grabatzeko. "Datorren apirilaren 26an, Bizipoza jaia Lasarte-Orian! Zatozte!", adierazi dute, ozen, Bizipozaren koordinatzaile Leire Elizegi Belokik, Maratoialdiko zortzikoteko kide Coro Dominguez Rodriguez eta Joxe Mari Agirretxe Kerexetak, herriko ikastetxeetako ordezkari Lorena Goenaga Olaizola eta Oiartza Pampliega Aguilarrek, Ostadar Inklusioko kide Ainhoa Arruti Loyartek, Naizen elkarteko lagun Marijo Martinez Ruizek, Aspanogi elkarteko guraso Laura Hueso Alvizek eta Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oriako kide Tomas Arruti Aldalurrek.

Hilabeteotan landutakoa

Elizegik azaldu duenez ikastetxeetako irakasleek Bizipoza Eskolari buruzko aurkezpen-formakuntza jaso dute arduradunaren eskutik. Horrez gain, Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako mailetako haurrek ere izan dute ekimenaren berri, Porrotx pailazoak egindako saio ludikoago batzuen bidez. Azkenik, hezkuntza zentroak hasi dira proiektuan jasotako gaiak lantzen. Goenagari "oso interesgarria" iruditzen zaio: "Haurren eta familien ongizatea dira gure helburuak eta proiektua primeran etortzen zaigu norabide horretan lan egiteko". Pampliegak azaldu du tutoretza saioak erabiltzen dituztela Bizipoza Eskolan jasotakoak ikasleekin jorratzeko: "Pozik gaude zipriztindu egin garelako honezkero, oso anitza da gure eskola eta garrantzi handia ematen diogu hori zaintzeari".

Esan bezala, herriko ikastetxeetako ordezkariekin batera esertzen dira mahaian Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeko eragileak. Arrutik esplikatu du Ostadar Inklusioak egin eta bilatzen duena: "Aniztasun funtzionala duten ikasleen inklusioa lortu nahi dugu eta kirola egiteko duten eskubidea aldarrikatu. Bocchia, eslaloma, multikirola eta atletismoan aritzeko aukera eskaintzen diogu eta zabaltzen ari gara poliki-poliki: gaur egun hogei bat kirolari ari dira gurekin lanean". Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearen izenean Martinez aritu da eta Bizipozaren lanaren balioa nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da gure haur eta nerabeen egoera ezagutarazi, munduratu eta plazaratzen lagundu digulako. Lasarte-Orian ere hori egin nahi dugu". Ildo beretik mintzatu da Aspanogi Haur eta Nerabe Minbizidunen Guraso Elkarteko (250 bat familiak osatzen dute, horietako batzuk gure herrikoak dira) kide den Hueso: "Asko ikasten ari gara Bizipozari esker, batez ere, zeinen garrantzitsua den guztien artean lan egitea errealitate desberdinak ezagutarazteko". Azkenik, sahararren alde lanean ari den eragilea zertan den jakinarazi du Arrutik, Oporrak Bakean egitasmoan fokua jarrita: "Haur sahararrak hartzen ditugu gure etxeetan uztailean eta abuztuan, uda hemen igaro dezaten; Lasarte-Oriako bi familia animatu dira aurten".

Eragile horiekin guztiekin batera ariko dira Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikoteko kideak hilaren 26ko jaian, 2022ko urrian egin bezala. Dominguez: "Plazera izango da beste behin ere guztiok elkartzea eta gure herria zipriztintzea". Ildo horretatik, "Euskal Herria euskal irri" bilakatuko dutela aurreratu du Agirretxek: "Elkarte horiek bezala, euskara bada behar bereziak eta eskubideak dituen hizkuntza bat, normalizazioa nahi duena". 

"Hezkuntza inklusiboaren beharrari" erantzuteko

Irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmo bat da Bizipoza Elkartea eta urteak daramatza helburu honen alde lanean: "izaera bereziko gaiak" lantzen dituzten haur eta familien ongizatea bilatzen duten elkarteei (38 dira gaur egun) laguntza afektiboa eta materiala ematea. Norabide horretan urrats bat gehiago egin du berriki, Bizipoza Eskola onduta. Elizegiren hitzetan, "hezkuntza inklusiboaren beharrari" erantzutera dator proiektu hori, "denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko". 

"Gai desberdinetan aritu eta adituak bildu eta eduki hauek guztiak biltzen duen webgune bat sortu dugu: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia", azaldu du Elizegik. Horri guztiari esker lantzen ari dira norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna, genero rolak, identitatea eta transexualitatea, familia aniztasuna, sexu orientazioa, heriotza, aniztasun funtzionala eta beste hainbat alor. 

Material hori guztia hiru esparrutan landu dezakete erabiltzaileek: hezkuntza arautua, hezkuntza arautua eta herrigintza. Azken horretan "bi eredu aipagarri" daudela adierazi du Bizipozaren koordinatzaileak: batetik, Bilboko Uribarri auzoan aurrera eramandako proiektua, eta, bestetik, Lasarte-Oriako taldeko eragileak gauzatzen ari direna. Hilaren 26ko ekitaldian hitz egingo dute horietaz. 

Erlazionatuak

Bizipozaren Akelarrea Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2023 eka 29 Kultura