Webgune berria du Ttakun Kultur Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 12a, 08:00

Ttakun Kultur Elkarteak 1991. urteko azarotik darama euskara eta euskal kultura normalizatzearen alde lanean. Hiru hamarkada pasa dira eta nabarmen aldatu dira mundua eta gizartea: sareak ikaragarrizko pisua hartu du eta horregatik ezinbestekoa da unibertso horretan presentzia izatea. Ildo horretatik, atari digital berri bat jarri du eragile horrek lasarteoriatarren eskura: www.ttakun.eus. TaPuntu kooperatibak diseinatu eta programatu du gailu desberdinetan erabiltzeko egokituta dagoen webgunea: ordenagailua, sakelako telefonoa, eta abar.

www.ttakun.eus

Helbide horretan sartzen direnek eduki ugaritan barrena nabigatuko dute, hala nola, Ttakun KEren historia, aurrera eramaten dituen programen nondik norakoak, Lasarte-Orian nahiz udalerri horretatik kanpo ematen dituen zerbitzuak, kultur egitasmoak... Hiru hamarkada hauetan egindako lana atari digital batera eraman dute, testua eta multimedia edukiak uztartuta. Horrez gain, elkartearen 30. urteurrenerako Janire Arroyo herritarrak prestatutako ilustrazioa erabili dute. Bost atal nagusitan bildu dituzte aipatutako horiek guztiak: Hasiera, Ttakun, Gure programak, Zerbitzuak eta Kontaktua.

400 bazkidetik gora

Ttakun Kultur Elkartea 1991ko azaroaren 16an jaio zen, euskal kultura eta euskararen normalizazioa Lasarte-Orian errotzeko eta bultzatzeko asmoz. 30 urteren buruan sekulako dimentsioa hartu du eragileak, sortzaileek imajina zezaketena baino handiagoa.

Geltoki kaleko 4. zenbakiko bulegoan gaude gaur egun, Jalgi Kafe Antzokiaren ondoan, baina ez da beti hala izan. Andrejoakinaenea haurren eskolako ganbaran egin zituen elkarteak lehen urratsak: urtebetez bildu ziren han, asteazkenero, eragile bat sortzea baitzen haien asmo eta ilusioa. Gorpuztea lortu zutenean, Pablo Mutiozabal kalera mugitu ziren, harik eta Lasarte-Oriako Udalak Erribera kaleko lokala utzi zien arte. Sei urtez jo eta ke aritu ziren lanean han eta 1998an etorri ziren gaur egungo egoitzara. Urte horretan bertan eskuratu eta ireki zuten Jalgi.

Horrez gain, Iñigo de Loiola kalean topagune bat du euskara elkarteak, Ttakunenea izenekoa. Euskaltzale direnentzako “arnasgune berri bat” izateko asmoz jaio zen 2016. urtean. Gaur egun, elkartearen beraren zenbait egitasmo han egiten dituzte eta elkarte gastronomikoa ere bada.

Bidelagun ugarirekin batera hazi da Ttakun: herritar, elkarte, ikastetxe, euskaltegi, alderdi politiko eta erakundeekin. Euskaltzale boluntarioek osatutako talde batek dinamizatu zuen elkartea hasieran; gaur egun, 440 bazkide inguru ditu eta lantalde profesional batek kudeatzen du eguneroko jarduna.

Lasarte-Oriaz harago

Gipuzkoako hainbat herritan esku hartzeak egiten ditu Ttakunek eta Lasarte-Oriako mugak aspaldi gainditu zituen Euskararen Maratoiaren antolatzen du, udalarekin elkarlanean (1992ko hirugarren alditik aurrera). Azkena 2022an izan zen, urrian hasi eta abendura arte luzatu zena: Euskararen 10. Maratoialdia. Sentitu, Pentsatu eta Ekin izeneko hiru fase aurrera eraman zituzten herritarren bihotz, buru eta mihiak astinduta.

Egoera utopiko batean, euskara eta euskal kultura erabat normalizatuta baleude alegia, jarduna eten beharko luke Ttakunek. Lasarte-Orian ez da hori gertatzen, eta ez dirudi egoera berehalakoan aldatuko denik. Horregatik, urratsak egiten eta urteak betetzen jarraituko du elkarteak. Helmugara iritsi bitartean, jarrai dezagun bideaz gozatzen, guztiok elkarrekin.