Iraia Iparragirrek urtebetez luzatu du kontratua Realarekin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 24a, 18:03
Urtebete gehiagoz ariko da Iraia Iparragirre Realean, 2017ra arte berritu baitu kontratua. "Ohore bat da kontratua berritzea Realarekin, eta gozatzen jarraitu ahal izatea; asko ikasi dut urte honetan", adierazi du herritarrak.

Iraia Iparragirrek Realean jokatzen jarraituko du 2016/2017 denboraldian, kontratua berrituta. Realaren web orrialdearentzat egindako adierazpenetan, herritarrak zehazten du "gogorra" izan dela denboraldi hau, lesio pare bat tarteko ezin izan duelako asko jokatu. "Espero dut datorren sasoia hobea izango dela, eta gehiago disfrutatu ahalko dudala", gaineratu du.

Laugarren postua mantentzera

Liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, laugarren postuan segitzen du Realak, baina Levanterekiko zeukan puntu-koltxoia dezente murriztu da; puntu bakarrera daude orain. Iraia, hala ere, itxaropentsu dago: "Ongi ari gara lanean, ea geratzen zaizkigun hiru partiduetan ongi jokatu eta laugarren postua mantentzen dugun". 

Liga amaitu ostean, Erreginaren Kopa jokatuko du Realak. Sailkatuta dago jada txapelketa horretarako.

Emakumezkoen VI. Euskal Herriko Kopa

Euskal Herriko Kopako finalerdietako bat jokatuko dute bihar Realak eta Añorgak, Andoaingo Ubitarte futbol zelaian, 19:00etatik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, doakoa da sarrera. Irabazten duenak, Athleticekin neurtuko ditu indarrak, final handian.