Iraia Iparragirre: "Psikologikoki asko eskatu dit denboraldi honek"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko mai. 6a, 13:30
Burugogorra, irekia, eta, batez ere, baikorra. Gisa horretako ezaugarriak ere oso balekoak dira futbolari batentzat, kirol horretan dena ez baita teknika eta fisikoa. Galde diezaiotela bestela Iraia Iparragirreri. Min hartuta igaro du denboraldiaren parte gehiena, eta esperientzia horretaz asko ikasi duela azpimarratzen du. Egunero-egunero esnatzen da filosofia berarekin: urrats txikiak eman, gauza handiak lortzeko. Debuta egin du jada, baina ez da konformatzen horrekin, inolaz ere.

Futbola uztekotan zen Iraia Iparragirre (Lasarte-Oria, 1995), pasa den denboraldi amaieran Realaren deia jaso zuenean. “Txiki-txikitatik eduki dudan ametsetako bat izan da Realean jokatzea, eta, horrelako trenak bizitzan behin igarotzen direla kontuan hartuta, zer egingo nuen bada, pasatzen utzi?”, dio.

Trena hartu zuen Iraiak, baina lesioak tarteko, aurtengo sasoian ez ditu kilometro asko egin oraindik. Apirilean egin zuen debuta emakumezkoen Superligan, Estatuko futbol maila gorenean.

Erraza izan al da Realaren trena hartzea?

Ez, ez da erraza izan. Aldaketa asko bizitu nituen denbora gutxian: elitera jauzia, egunero entrenatu, udaran kontzentrazioak, joko-erritmoa... Gorputzak egokitu egin behar du aldaketa guzti horietara. Nirekin batera jokalari berri gehiago etorri ziren taldera, baina haiek esperientzia daukate Superligan, ohituagoak daude errutina horretara. Niretzat berria izan da.

Estres horren eraginez lesionatu nintzen denboraldi-aurrean, sasoiko fase garrantzitsuenean: hankeko behatz txikia hautsi nuen. Gero, kosta egiten da berriro taldearen dinamikan sartzea; deialdietan eta hasierako hamaikakoan, zer esanik ez. Horri begira ari naiz lanean orain.

Arazo fisiko hori gainditu eta deialdietan sartzen hasi bezain pronto, beste lesio bat. Berriro hastera. 

Denboraldi erdi baino gehiagoz egon naiz min hartuta. Realera iritsi, Superligan jokatu eta erakutsi nahi izateak balio duzula taldean egoteko, baina arazo fisikoak direla eta ezin izatea... Horrelako egoerek frustrazio asko eragiten dute. Nik, ordea, ez dut horrelakorik sentitu, lehenengo egunetik esperientzia berri baten gisan hartu eta eraman dudalako.

Jokalari bezala oraindik ez naiz erabat ase sentitu aurten, aipatu dudanez, lesionatuta egon naizelako. Psikologikoki asko eskatu dit denboraldi honek, baina era berean gauza positibo ugari atera ditut esperientzia honetatik, eta asko ikasi dut.

Zeintzuk ikasgai atera dituzu?

Ikasi dut nire gorputza askoz hobeto ezagutzen, nire lesioak nondik datozen, eta baita bereziki azpimarratu nahi dudan kontu bat ere: arazo fisikoak prebenitzeko zer egin behar dudan. Kiromasaje ikasketak egiten ari naiz futbolean jokatzeaz gain, eta Realaren zerbitzu medikuekin hilabete guztiotan egindako lana primeran etorriko zait aipatutako alor horietan formatzen jarraitzeko.

Fisioak, errekuperatzaileak, medikuak...denak daude oso pendiente zutaz, zu osatzea dute xede. Erakusten dizute nola egin prebentzio eta osatze ariketak, zein den bide egokiena arazo fisikoei aurre egiteko... Lehen esan dudan bezala, aspektu positibo eta ikasgai asko atera ditut esperientzia honetatik. Nire ibilbidean ez nuen antzekorik bizitu aurtengora arte.

Hainbat hilabete igaro dituzu zelaitik at. Futbola beste perspektiba batetik ikusten al duzu orain?

Gauzak beste era batera planteatzeari ekin nion min hartuta egon bitartean. Jada ez zen 'jokatu egin nahi dut', baizik eta 'ahalik eta ondoen osatuko naiz, esperientzia honekin asko ikasiko dut eta nire gorputza nolakoa den eta emozioak kontrolatzen ikasi'. Behin hori eginda, entrenatzen hasi, deialdietan sartu, eta, ahal den heinean, jokatu.

Gogoan dut aurrenekoz deialdi batean sartu nintzenekoa. Oso berezia izan zen sentitu nuena. Pentsatu nuen: 'Iraia, lortu duzu azkenean deialdian sartzea'.

Deialdietan sartzea erdietsi duzu, eta urrats bat gehiago eman ere bai: ofizialki debutatu duzu.

Oviedo Modernoren aurkako partiduan, apirila erdialdean, egin nuen debuta Superligan. Hasieratik aritu nintzen, eta neurketa osoa jokatu. 1-2 irabazi genuen, luzapenean.

Igorrek [Igor San Miguel entrenatzaileak] esan zidanean jokatu egingo nuela, urduritu egin nintzen hasieran. Gero, ordea, lasaitzen joan nintzen pixkanaka. Beroketa ariketak egin bitartean buruari eragiten jarraitzen nuen: 'Iraia, egon lasai, bizi osoa daramazu futbolean jokatzen, eman dakizuna, inori ez baitiozu ezer berririk demostratu behar; pentsatu Añorgan zaudela oraindik'. Horrez gain, taldekideek animo asko eman zizkidaten partidua hasi aurretik eta zelaian jokatu bitartean. Niretzat ikaragarri balio du horrek; funtsezkoa iruditzen zait, taldeko edozein kiroletan.

Taldekideak aipatu dituzula, zer moduzko giroa daukazue aldagelan?

Astean ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin eta erlazio ona dugu. Jakina, taldekide batzuekin beste batzuekin baino afinitate gehiago daukat, baina denekin harremantzea gustatzen zait.

Azken finean, emakumezkoen futbolaren elitean ari gara jokatzen, Superligan, eta astebururo hasierako hamaikakoan egoteko lehiatzen gara denak. Konpetibitate hori presente dago egunerokoan, intentsitate-handiko entrenamenduak egiten ditugu.

Astean zeharreko lan hori islatzen ari da asteburuetan ere. Sekulako denboraldia egiten ari zarete.

Pentsa, iaz ozta-ozta libratu zen taldea kategoria galtzetik, eta aurten laugarren goaz, 49 punturekin. Liga bukatzeko bost partidu falta zaizkigu oraindik, baina sailkatu gara jada Erreginaren Kopa jokatzeko, hainbat urte eta gero. Eta hori, kontuan hartuta oso talde gaztea daukagula [batez besteko adina 22 urtekoa da].

Udaran norabidea aldatu eta apustu berri bat egitea erabaki zuen Realak: harrobitik etorritako jokalariak eta euskaldunak kanpotik etorri diren maila handiko beste batzuekin uztartzea. Oraingoz behintzat, primeran ateratzen ari da apustu hori.

Bestalde, denboraldi-aurretik dinamika onari heldu genion, eta horretan jarraitzen dugu oraindik. Aurreneko lan-saiotik nabaritzen zen oso kontzentratuta egon dela taldea, intentsitate handiz entrenatzen. Denboraldia ere ederki hasi genuen emaitzei dagokionez, eta emaitzak begi bistakoak dira.

Aurreneko hiru sailkatuak urrun samar dituzue, eta bosgarrenarekiko bost puntuko aldea. Liga amaitu bitartean, zeintzuk dira taldearen helburuak? Eta zureak?

Sailkapenean segika dauzkagun taldeekiko aldea handitu nahi dugu, eta laugarren postu hori behingoz ziurtatu. 

Niri dagokidanez, ahalik eta minutu gehien jokatu nahi ditut. Lesioetatik ongi osatu naiz, indartsu sentitzen naiz, eta entrenatzaileei erakutsi nahi diet jokatzeko gosea daukadala, hasierako hamaikakoetan sartu nahi dudala.

Jokalari gisa zeintzuk dira zure ezaugarriak?

Burugogogorra naiz, irekia, eta, batez ere, baikorra. Gauzak gaizki ateratzen zaizkidanean, pasako ditut une txar batzuk, baina hurrengo egunean esnatu eta nire buruari esango diot: 'Iraia, lortuko dugu'. Horren atzetik gehitu ditut hainbat esaldi, denboraldiaren fase bakoitzean: 'Lesiotik atera, entrenatzen hasi, deialdietan sartu, jokatu, eta abar'. 

Entrenatzaileek, zuzendaritzako kideek esan izan didate 'Iraia, eskerrak zu horrelakoa zaren, horren baikor izan zaren lesionatuta egon bitartean, ze bestela...'. Egoerei modu baikor batean aurre egiteak plus bat ematen dit. Bide bat hartu edo bestea, ziur gauza onak dituztela biek.

Ostadarren jokatzen ikusi zintugunok zelai erdian gogoratzen zaitugu, '8' zenbakia bizkarrean... Orain, Realean, '2'-arekin aritzen zara, erdiko atzelari gisa, nagusiki. Nolatan bilakaera hori?

Ostadarretik Añorgara joan nintzen jokatzera, eta orduan hasi nintzen atzeko lerroan jokatzen. Taldekide dezente lesionatu ziren, eta nik komodin papera egin nuen: eskuin hegalean egun batean, erdiko atzelari bestean... Antza denez, entrenatzaileei gustatu zitzaien postu horretan egindako lana, eta bertan jarraitu nuen.

Nire postu kuttuna erdilariarena da; hori ez dit inork kenduko. Hori bai, beste gauza bat ere onartu behar dut. Erdian jokatzen jarraitu izan banu, beharbada ez nintzen iritsiko Realera.

Jokoa beste ikuspuntu batetik ikusten da atzeko lerroan: aurpegiz begiratzen diozu guztiari, gertatzen den guztia ikusten duzu. Erdian, berriz, bizkarrez jasotzen dituzu baloi asko. Atzelariarena, dena den, erantzukizun handiko demarkazioa da, zuk huts eginez gero aurrelaria bakarrik gera daitekeelako atezainaren aurrean. Baina gustura aritzen naiz.

Baikorra izatea da zure ezaugarrietako bat, aipatu duzunez. Emakumezkoen futbolaren egoerarekiko ere jarrera hori al daukazu?

Poliki, baina ari gara aurrerapausoak ematen. Esaterako, gero eta partidu gehiago ematen dituzte telebistan; eskertzekoa da hori. Egongo da jendea Zubietara etortzeko ohiturarik ez daukana, baina beharbada partiduren bat ikusiko du egunen batean, gustatuko zaio eta hurrengoan harmailetan eseriko da. Oraindik lan asko dago egiteke, hala ere. Orain arte asko hobetu da egoera, baina beste hainbeste dago egiteko. Pauso txikiak emanez, gauza handiak lor daitezke.

Aurreiritziak al ditu jendeak oraindik?

Bai, baditu. Azken finean, gizartearen isla ere bada: kritikatzeagatik kritikatzen dugu. Emakumezkoen futbolea ere, berdin: partidurik ikusi gabe hasten dira epaitzen batzuk, eta horrek amorrua ematen dit. Ikusi ezazu norgehiagokaren bat aurrena, eta gero eman iritzia.

Kontua ez da emakumezkoen edo gizonezkoen futbola hobea ala okerragoa den. Desberdinak dira, modu desberdin batean praktikatzen dira biak. Zaleen gustuak ere, antzera: batzuei gehiago gustatuko zaie gizonezkoena, eta emakumezkoena beste batzuei.

Eliteko talde batean jokatu arren, lana eta ikasketekin uztartzen dituzue futbola.

Gure taldean denok gaude egoera horretan, errealitate bat da hori. Entrenamenduak arratsaldeetan egiten ditugunez, ahal den neurrian goizetan egin behar ditugu beste jarduerak.

Kiromasaje ikasketak egiten ari naiz ni, eta jarraitu nahi dut horretan murgilduta. Era berean, Realak aukera ematen digu Lacunzan ingelesa ikasteko, eta hori ere egiten ari naiz.

Kirol-arloan dimentsio handiko kluba da Reala, baina hortik kanpora ere bai. Erreferente zarete: gizarte-ekintzak egiten dituzue, elkarrizketak, YouTuben ere ikusi zaitugu norgehiagoka jokatu aurreko elkarrizketaren bat ematen... Nola daramazu hori?

Publikoki hitz egitea ez dut gehiegi atsegin, baina aurten egin ditugun hainbat gizarte-ekintza sekulakoak izan dira niretzat. Adibidez, ospitale batera joan ginen, bertako pazienteak bisitatzera. Gogoratzen dut haur minbizidun batzuekin egon ginenekoa, egoera zail batean egon arren nola jarraitzen duten irribarrez, eta nola margotzen dizuten espresio hori zuri ere. Gero, gu haserretzen edo tristetzen gara futbolean aritu bitartean gauzak ez zaizkigulako ongi ateratzen, baina... Asko hunkitu naute bertan bizitako egoera askok. 

Gainera, Porrotxekin joan izan gara noizbait, eta oso gertuko pertsona dut nik. Umeak alaitzeko egiten dituen barrabaskeriak, irribarreak ateratzeko... Esperientzia oso polita izan da.

Elitean egoteak emango dizkizu gauza asko, baina kendu ere bai, ezta?

Hori saihestezina da, baina bizitzako alor guztietan gertatzen da. Gauza bat oso argi dago: dena ezin da. Bere garaian Realera etortzeko erabakia hartu nuen, eta hautu ona izan zela pentsatzen dut. Hori egiten dut beti, hartu dudan erabakiarekin azkeneraino joan. Esaten diot nire buruari: 'Iraia, zuk hartu duzu erabaki hau, eta ona izan da'.

Futbola uzteko ordua dela uste dudanean, eta gehiago ez jokatzea erabakitzean, gauza bera pentsatuko dut, ongi egin dudala. Horrela interpretatzen dut nik bizitza.