Final laurdenetako ligaxkan sartu nahi du Arteaga II.ak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 5a, 18:43

Lau t'erdiko zortzi pilotari onenen artean egoteko, Erik Jakari irabazi behar dio Arteaga II.ak. Bihar neurtuko dituzte indarrak Iruñeko Labrit pilotalekuan. "Ahalik eta opari gutxien egin, eta nire aukerak baliatu behar ditut final laurdenetara sailkatzeko"

"Pilotari arriskutsua da Jaka: airez oso ongi dabil. Saiatu behar naiz mota horietako pilotak kentzen, akats gutxi egiten eta erritmo altuko partidua jokatzen". Argi dauka Axier Arteagak bihar nola jokatu behar duen Iruñeko Labrit pilotalekuan. 18:00etan hasiko da partida. Lau t'erdira sailkatu da, kanporaketan Iñaki Artolari 20-22 irabazita. "Ahaztuta" dauka garaipen hori honezkero: "Biharko neurketa besterik ez daukat buruan. Pilotari onenekin egon nahi dut final laurdenetako ligaxkan; ikaragarria litzateke". 

"Partiduz partidu" joan nahi du herritarrak. Uste du pasa den edizioak baino "irekiagoa" izango dela hau. "Faborito handiak ez daude %100ean: lesio batetik etorriko da Altuna III.a, Urrutikoetxea gaixo egon da, Olaizola sasoian dago baina urteek ez dute barkatzen eta Bengoetxeak ez du gehiegi jokatu udan. Besteok aukera gehiago ditugu sorpresa emateko". Joseba Ezkurdia ikusten du sasoiko: "Ez dakit txapelagatik lehiatzera iritsiko den, baina oso kontuan hartzeko pilotaria da".

Akatsetatik ikasten 

Jokatutako partidak berrikusi egiten ditu Arteagak, etxean. Gustatzen zaio kantxan pasatakoa aztertzea, ongi eta gaizki egin dituen gauzak ikustea eta horietatik ikastea. "Jakaren aurka saiatu behar dut hainbeste opari ez egiten".

Lau t'erdiko jokoak ez du zerikusirik binakakoarekin, baina udaran jokatutako partidek lagundu diote erritmo altua mantentzen. "Prestaketa lana eginda dago: kantxan erakustea dagokit orain".

LOTUTAKO ALBISTEAK

Ezustekoa emanda, lau t'erdiko txapelketan ariko da Arteaga

Arteaga: "Uda honetan koska bat egin dut gora"

Lau t'erdiko txapelketaren sistema