Arteaga: "Uda honetan koska bat egin dut gora"
Asegarcek Axier Arteagaren aldeko apustua egin du udako txapelketetan, eta ongi erantzun du Lasarte-Oriako pilotariak. Ez du txapelik lortu, baina maila ona eman du pilotari handienen aurka. Donostia Hiria torneoan finalean sartu zen Rezustarekin batera

Pozik dago Axier Arteaga (Lasarte-Oria, 1996), nahiz eta atseden hartzeko denbora gutxi izan duen azken aldian; Asegarcek bere aldeko apustu garbia egin du, eta udako hiru txapelketa garrantzitsu jokatu ditu: San Fermin, Bilboko Aste Nagusia eta Donostia Hiria torneoak. Ez du txapelik lortu, baina ongi jokatu du pilotari handien artean, eta itxura ona eman du hiru torneotan. "Ikasteko balio izan dit; oso gustura geratu naiz egindako lanarekin". Halaber, aste honetan bertan garaipena lortu du; Ordiziako festetan jokatu du Eskirozekin batera, Laso-Erasun bikotearen aurka (22-18). 

San Ferminetan bi tantorengatik geratu ziren finaletik kanpo azken momentuan. "Pena handia izan zen unean bertan. Baina ez genituen etxeko lanak egin, eta besteen emaitzen esperoan egoteak hori dauka", adierazi dio TXINTXARRIRI-ri. Jon Ander Albisurekin batera egin zuen debuta torneoan. 

Donostian finala

Bilbon finalerdietan geratu zen kanpoan, baina partida ona bete zuen. Gaizki hasi zuten norgehiagoka; hamar tantoko desabaintaila izan zuten (19-9), baina ia buelta ematea lortu zuen Arteagak.Hamahiru tanto egin zituen, eta  garaipenetik gutxira geratu ziren (22-19). 

Albisu ere izan zuen lagun bikoteko partida horretan, baina freskura apur bat falta zitzaion atzelariari. "Maila nahiko txukuna eman nuen, gustura geratu nintzen nire partidarekin. Anderrek partida asko jokatu zituen abuztuan, eta ez zuen bere egunik onena eduki". 

Donostiako Hiria torneoan egon zen txapela eskuratzetik gertuen, Rezusta atzelariarekin batera. Irribarria eta Albisu garaitu zituzten lehenengo (16-22), baina ezin izan zuten Olaizola II.a-Zabaleta bikotearekin. "Ez nuen agian partida oso ona egin, baina  ez nintzen gaizki ibili. Azken finean, gaur egun dauden bi atzelari onenen aurka jokatu dut, eta esan daiteke ere, Altunarekin batera, aurrelari onenaren aurka: Aimar".  

Pilotari handien aurka lehiatu eta maila ona emanda, konfiantzaz bete da Arteaga. "Hasiera batean errespetu handiz aritu naiz. 'Nola jokatuko dut ba nik hauen aurka?', pentsatzen nuen. Gero ikusten da gauzak ondo eginez kontra egitea posible dela".Gaztea izan arren, edozeinen aurka ongi lehiatzeko gai da egun. "Uda honetan koska bat egin dut gora". 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
PILI
Zorionak! Make up saioa prestatzen hasi parrandarako! Txintxoa izan! Ttakuneko lankideak.
AZKEN PDFa
1434 ( Irailak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Asteartea)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Gandarias-Uribe ( Larunbata )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Gandarias-Uribe ( Igandea )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48