Kirolaz gozatzeko gunea

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko api. 20a, 22:48
Ezin daiteke kalkulatu Jose Martijak utzi zuen kirol ondarearen balioa. Hainbat urtez, entrenatzaile lanak egin eta futbolean jokatzen irakatsi zien herriko hainbat haurri. Garai horietan ume zirenen ekimenez, euren prestatzailearen izena jarri diote Uzturre plazako kirol guneari, datozen belaunaldiei transmititzeko

Urteak eta urteak eman zituen Jose Martija zenak futbol entrenatzaile lanetan. Sasoeta-Saustatxo taldean makina bat lasarteoriatarrek jokatu dute, azken hamarkadetan. Jose eta Iñaki Martija anaien eskutik, kirolerako eta bizitzarako ikasgai oso baliotsuak ikasi dituzte. Orain, haur horiek heldu bihurtu dira, baina oso presente dituzte maisuaren irakasgaiak. Belaunaldi gazteei eta etorkizunean etorriko direnei balio horiek transmititze aldera, otu zitzaien Uzturre plazako kirol guneari Jose Martijaren izena jartzea. Familiak esku-zabalik hartu du proposamena, eta, elkarlanean, inaugurazio hunkigarria egin dute gaur arratsaldean. 

Eguraldia lagun, hainbat neska-mutil sartu dira kantxara, futbolean jokatzera, giro ederrean. Jose Martija presente egon ez arren, hark hainbat urtetan nekatu gabe egindako lana islatu dute, hainbat urte geroago: gazteei irakastea kirolaz gozatzea dela garrantzitsuena. Hori egin dute umeek, ia iluntzera arte. Partiduak jokatu eta gero, bapo askaldu dute protagonistek. Txapelketa jokatzen ari zirela, atsedenalditxo bat hartu eta ekitaldiko une hunkigarriena iritsi da: sartu da kantxan Joseren familia, eta alargun Nieves Lopez de Luzuriagak ohorezko sakea egin du, ikusleen txalo artean. Ondoren, familia argazkia atera dute, hunkituta, eta pozik. Eibar eta Realaren eskolako umeen arteko norgehiagokaz gozatu dute herritarrek, jarraian.

Baloiak ez dio mugitzeari utzi arratsalde osoan. Nahastu dira irribarreak, kirola, izerdia. Eta emozio keinuak. Eta malkoak. Bizirik segitzen dute Jose Martijaren irakasgaiek. Inoiz baino gehiago.

Argazki galeria

Lotutako albisteak

Omenaldia, zelai barrutik