Omenaldia, zelai barrutik

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 10a, 22:55
Hainbat urtez sustatu zuen futbola herriko gaztetxoen artean Jose Martijak. Gaur, emandakoa jaso du bueltan: familiak eta hainbat taldetako jokalariek zelai barrutik omendu dute herritarra.

'Beti gure maisu'. Hori irakur zitekeen Jose Martijaren ikasle izandako hainbat herritarren kamisetetan. Gaurkoan praktikara eraman dituzte hark urte luzez irakatsitakoak: futbol-txapelketa antolatu eta Lasarte-Oriako zein inguruko hainbat herritatik etorritako gaztetxoei aukera eman diete futbolean jokatuz primeran pasatzeko, Martija anaiek hainbat eta hainbat alditan egin bezala. Nekez jaso zezakeen Jose Martija zenak aitortza hoberik: goiz eta arratsalde, baloia apenas egon da geldirik. Omenaldia, zelai barrutik.

Texas Lasartearra, Beti Ona, Billabona, Vasconia, Antiguoko, Eibar, Corass futbol eskola eta Sanse. Zortzi taldeko horietako benjamin kategoriako gaztetxoak aritu dira goiz osoan zehar Michelingo zelaian, sargoriari aurre eginez. Eguzkiak gogotik jo du, baina ez da arazo izan: Sasoeta Sasoian elkarteko kideek txozna jarri dute zelai ondoan, fruta zein pintxo goxoekin eta edari freskoekin.

12:30ak aldera bukatu dute benjaminek. Alebin mailako Ostadar SKTk Eibarrekin neurtuko zituen indarrak segidan (3-0 irabazi dute urdin-beltzek). Hori baino lehen, ordea, Jose Martija zenaren familiak omenaldia jaso du. Bertan ziren Joseren alargun Nieves Lopez de Luzuriaga, Mikel eta Josu semeak eta Iñaki anaia. Josek eta Iñakik hainbat urte eman zituzten Sasoeta-Saustatxo taldea entrenatzen, herriko gaztetxoei futbolean jokatuz gozatzeko aukera emanez. Lore-sorta eta Eibar SAD taldeko kamiseta bat jaso dute. Bizkarrean serigrafiatuta, zuriz, '2' zenbakia, omenaldiaren bigarren edizioagatik, eta 'Jose Martija'. Gaurkoaren arrakasta ikusita, ez dirudi azkena izango denik.

Goizeko futbol partiduak bukatu direnean, jokalari gazte guztiak dutxatu eta txarangaren doinuen laguntzaz Jaizkibel plazara joan dira. Behin hara iritsita, Saustatxo, Udaberri eta Extremeña elkarte gastronomikoetan bazkaldu eta arratsaldeko neurketei ekiteko indarrak hartu dituzte.

Finalak eta sari banaketa

Txapeldunen fasea eta kontsolaziokoa jokatu dituzte benjamin kategoriako zortzi taldeek arratsaldean. Beti Ona, Antiguoko, Eibar eta Sanse sailkatu dira txapeldunenerako; kontsolaziokoan Corass, Vasconia, Billabona eta Texas lehiatu dira. 

Txapelketa fase bakoitzeko finalek itxi dute. Txapeldunenean, Beti Ona eta Antiguoko. Emozioz betetako neurketa izan da azken segundora arte. Arauzko denboran bana berdindu dute, eta penaltietan erabaki da dena: Oreretako taldea finago ibili da eta txapeldunen kopa altxa du. Kontsolaziokoan Billabona izan da garaile; 4-3 irabazi dio Vasconiari.

Norgehiagoka guztiak bukatu direnean, futbol txapelketan parte hartu duten taldeek kopa bana jaso dute. Era berean, jokalari bakoitzak domina bana kolkoratu du. 

Argazkien txanda heldu da ondoren. Gurasoek telefonoak poltsikotik atera eta gaurko une hunkigarriak gorde dituzte memorietan, kameraren iruditxoa sakatuz etengabe. Martijatarrek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta familia argazki ederra atera dute. Ez da gutxiagorako: beti gogoratuko dute gaurko eguna. Eta baita Jose ere.