'Eraso sexistarik ez!' lelopean elkarretaratzea egin dute Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 3a, 15:10
Herriko emakume talde batek deituta, elkarretaratzea egin dute ehunka herritarrek gaur Okendo plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, bortxaketa saiakera bat egon zen Urte Berri eguneko goizaldean. "Eraso sexista" hori salatzeko egin dute elkarretaratzea, 12:00etan, 'Eraso sexistarik ez erantzunik gabe! Nahikoa da!' lelopean.

Herriko emakume talde batek adierazi duenez, "bortxaketa saiakera bat" egon da herrian Urte Berri egunean, "bigarren urtez jarraian". "Eraso sexista" horren aurrean, ehunka herritarrek ordu erdiko kontzentrazioa egin dute Okendo plazan, gaur eguerdiko hamabietan. 

Elkarretaratzea amaitu ostean, Uxue Loinaz eta Leire Amiano herritarrek testu bat irakurri dute elkarretaratzea deitu duen emakume taldearen izenean. Loinazek gogorarazi du urtarrilaren 1eko bortxaketa saiakera ez dela lehenengoa izan: "Duela urtebete beste emakume bat bortxatzen saiatu ziren egun, baldintza eta herri berdinean; denbora pasa arren gauzak ez dira asko aldatu". Nabarmendu du "mundu osoan sistematikoki" gertatzen direla gisa horretako erasoak, eta Lasarte-Orian jazotakoa ez dela izan "kasu isolatu" bat. "Ez da eraso hauek gertatzen diren lehenengo ezta azkeneko aldia izango; horren aurrean zerbait egin behar dugula argi daukagu".

Leire Amianok hartu du hitza ondoren: "Irtenbide bakarra dago, autodefentsa feminista. Nazkatuta gaude biktima paper honetan kartzelaratuak egoteaz. Ez dugu horrelakorik onartuko!". Loinazek eta Amianok euskaraz irakurri dute testua, eta ondoren Inge Mendiorozek gaztelaniaz idatzitakoa irakurri du.

Hiru eraso urte bateko epean

Urtarrilaren 1ean gertatutako bortxaketa saiakera hirugarren kasua izan da urte bateko epean. Hain justu, duela urtebete beste bortxaketa saiakera bat egon zen herrian. Bigarren kasua iazko urriaren 24an gertatu zen, emakume batek bortxaketa salaketa bat jarri baitzuen. 2014aren gisara hasi da 2015. urtea, Urte Berri egunean beste bortxaketa saiakera bat gertatu baita.

Udalaren babesa

Lasarte-Oriako Udalak gaur egindako elkarretaratzeari atxikimendua eman dio, eta adierazpen instituzional bat kaleratu du. Honela dio:

Lasarte-Oriako Udalak honakoa jakinarazi nahi du urtarrilaren 1ko bortxaketa saiakeraren aurrean:

- Udalak babes erabatekoa agertzen dio bortxaketa saiakera salatu duen neskari, eta bere familia eta lagunei. Udalaren babes osoa dute; eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan.

- Udalak bere salaketa irmoena adierazi nahi du izandako bortxaketa saiaketaren inguruan. Ez da onargarria, mingarria eta errepikaezina da, izugarria eta oso larria gertatu dena. XXI. mendean, gure kaleetan halakorik gertatzea, ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait.

- Udalak Ertzaintzari ahal den neurrian ikerketa azkartu dezala eskatzen dio, gertatu dena argitu eta prozedura judizialari hasiera emateko.

- Udalak komunikabideei eskatzen die, halako gaiek beharrezko duten ardurarekin jokatzeko. Gertaturikoa larria ez ezik mingarria ere badenez, erasotuak eta familiak merezi eta beharrezko duten intimitatea bermatzea exijitzen dugu. Ez dezagun espektakulurik egin drama honetaz.

- Udalak bihar, larunbata, herriko hainbat emakumeek eraso hau kalean salatzeko egindako deialdiarekin bat egiten du, eta herriko eragile eta herritar guztiei bertara azaltzeko gonbitea luzatzen die. 12:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan elkarretaratzea deitu dute emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta erasotuari babesa adierazteko.

- Udalak, konpromiso irmoa agertzen du, halakorik berriz errepikatu ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzeko. Gertaera larria, salagarria, mingarria da. Baina ez hori bakarrik, herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute halakoek, pertsonaren askatasun indibiduala eta intimitatea urratu baitute. Honen aurrean, Udala ez da isilik geratuko, baina garrantzitsuagoa: ez da hitzetan soilik geratuko.

- Amaitzeko, zoritxarrez, berriro ere ozen esan behar da hau ez dela kasu isolatua. Horregatik, kasu hauek sufritzen dituzten emakumeei salaketa egiteko deia luzatzen diegu gure babes osoa izango baitute.