"Eraso sexistarik ez" lelopean elkarretaratzea larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2014ko urt. 30a, 21:11
None
Lasarte-Oriako emakume talde batek agerraldia egin du Okendon, urtarrilaren 1ean herriko neska batek jasan zuen erasoa salatzeko. Helburua gertaeraren berri ematea izan da eta herriko emakume guztiei adi ibiltzeko mezua zabaltzea. Larunbatean elkarretaratzea deitu dute Okendon 12:30ean.

Herriko emakume batzuen izenean agerraldia egin da Okendo plazan. Ane Labaka eta Irati Perezek argi utzi nahi izan dute hitza hartu arren, Lasarte-Oriako emakume ezberdinen izenean ari zirela.

Agerraldiaren arrazoia “gure herrian urtarrilaren 1ean jazotako eraso sexista baten berri ematea da“. Azaldu dutenaren arabera emakume erasotua etxera bidean zihoan goizeko 8:30ak aldera, parrandatik bueltan. Bere portalera iristen ari zela atzetik gizonezko bat zuela ohartu zen baina ez zen gehiegi larritu.

"Emakumeak ez du ondo oroitzen jarraian gertatutakoa baina ohartzerako bere portal aurrean zegoen lurrean etzanda bere gainean aurretik ikusitako gizonezkoa zuela, bere ezpainen aurka zapi moduko bat estutuz. Emakume erasotuak zapiak oso usain fuertea zuela jakinarazi digu. Badirudi, beraz, erasotzailea emakumea lokartzen saiatu zela. Zorionez, ordea, zapian zegoenak bere efektua egin aurretik emakumeak erasotzaileari ostikada bat ematea lortu zuen eta honek ihesari eman zion. Emakumearen ausardia txalotu nahi dugu, eredugarria baita".

Erasotzaileak ez zuen egin nahi zuena egitea lortu “baina ezin diogu zapian zegoenak bere efektua egin izan balu zer gerta zitekeen pentsatzeari utzi“.

Agerraldiaren helburua gertatutakoaren berri ematea izan da, “Lasarte-Oriako emakume guztiak adi ibil daitezen“, eraso hau salatu eta gogor gaitzetsi dute.

Gertatu zena onartezina dela aipatuta azpimarratu nahi izan dute urtarrilaren 1ekoa ez dela herrian emakume batek antzeko erasoren bat jasaten duen lehenengo aldia. “Prentsaurreko hau amorrutik eta haserretik sortua da, emakumeok ere etxerako bidea edozein ordutan lasai egiteko eskubidea dugulako. Ez dugulako beldurraren menpe bizi nahi. Ez dugulako emakumeon aurkako eraso gehiago onartuko eta batez ere, eraso bakar bat ere ez dugulako erantzunik gabe pasatzen utziko“.

Berdintasunaren aldarria entzun eta entzun ari garen garaiotan, gizartea errotik iraultzeko beharra azaldu dute eta emakumea zapaldua eta erasotua izango ez den gizarte eredu batean sinistu eta bide horretan borrokatzeko prest agertu nahi izan dute.

Larunbatean 12:30ean Okendon egingo da elkarretaratzea erasoa salatzeko eta honetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.