Nolatan animatu zineten ‘Oporrak bakean’ programan parte hartzera?
Sahara Lasarte-Oriako Facebook orrialdean ikusi nuen ‘Oporrak bakean’ programan parte hartzeko familiak behar zirela eta etxean komentatu nuen. Ni eta ama elkarteko Yaiza Ruizekin hitz egitera joan ginen programaren nondik norakoak jakiteko. Elkarrizketa izan ondoren, eta proiektuaren funtsa ezagututa, segituan animatu ginen harrera familia izatera. Eta horrela, gaur arte, lehenengo egunean bezain gogotsu. Gainera, programan parte hartu genuenetik, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruz askoz gehiago dakigu; ni Tindufeko errefuxiatu kanpamentuan ere izan nintzen bi astez lankidetza proiektu batekin.
Zein baldintza bete behar dira harrera familia izateko?
Ez dago berezko baldintza berezirik. Nire gurasoen lana zein den galdetzera ere iritsi da jendea, programan parte hartzeko, erosteko ahalmen handia behar dela uste dutelako. Eta hori ez da egia.
Nire ustez, garrantzitsuena gogoa izatea eta proiektuaren helburuak garbi edukitzea da. Ezinbestekoa da horrelako egitasmoetan parte hartzea haur sahararrek, udan, desertuko egoera latzak ez jasateko; 50 gradura iristen dira udako hilabeteetan. Gainera, gurera iristean, azterketa medikoa egiten zaie osasun anomaliarik duten igartzeko, eta, hala bada, tratamenduan jartzeko aukera dago. Hortaz gain, elikadurari dagokionez, Tindufeko kanpamentuan jaso ezin duten elikadura orekatu bat izateko aukera dute hemen. Azkenik, egokitzapenari dagokionez, prozesu bat gainditu behar da, zentzu batzuetan, desberdintasun kulturala oso handia delako. Hala ere, lehenengo asteak gaindituta, familian eta pertsonalki, asko aberastu gaituen esperientzia da. Ematen duguna baina gehiago jasotzen dugu dudarik gabe, ikaragarria da.
Gainera, zortekoak izan gara beste harrera familiekin harreman jatorra sortu delako. Bizipen berdina izateak batu gaitu agian, eta guztion arteko giro onak elkarrekin planak egiteko aukera sortzen du. Uste dut hori jakitea garrantzitsua dela, geroz eta gehiago izateko ‘Oporrak bakean’ programan parte hartzen dugun familiak.
Aldaketarik nabaritzen duzue Mohameden?
Azken egunotan etxean zein beste harrera familiekin komentatu dugun zerbait da. Ikaragarria da zenbat aldatu diren 2016ko lehen egunetik, gaur egun arte. Lehengo urtean zailagoa izan zen egokitzapena, batez ere lehenengo asteetan. Gure etxean, ama, bere senarra, nire anaia eta ni bizi gara eta denon artean antolatzen gara. Zortekoak gara Lasarte-Orian, ‘Oporrak bakean’ proiektuak haurrek txokoetan eta jangelan parte hartzeko aukera ematen duelako, eta horrek asko laguntzen digu etxean lanekin koordinatzeko. Horregatik, laurok etxetik kanpo lan egitea ez zen arazo bat izan programan parte hartzeko. Azken finean, hilabete batzuetan, etxean bat gehiago izango garela argi izatea da kontzeptu nagusia. Gure kasuan, nire anaia eta ni Mohamed baina helduagoak gara, baina hiruon arteko harremana oso estua da.
Labur esanda, ez dira bizitza eta planak aldatu behar, gauza berdinak egiten dira baina bat gehiago izanda, besterik ez.
Eta uda amaitzean…
Gogorra da uda bukatzen dela ikustea eta haurrak egoera krudel horietara bueltatzen direla jakitea. Hala ere, hasieratik izaten dugu garbi, proiektu honen helburua ez dela betirako familia finko bat aurkitzea, baizik eta, hilabete batzuetan, ume hauen egoera hobetzen saiatzea. Badakigu Mohamedek eta beste guztiek beren familia dutela, eta beraiengana bueltatzeko desiratzen egoten direla. Uda bukatzean Mohamed pozik doala ikusteak agurraren samina arintzen du. Urtero etortzea gustatuko litzaigukeen arren, uste dut harrera familia guztien nahia dela 'Oporrak bakean' programa bezalakoen azken urtea izatea. Sahararrak beraien herrialdera, Mendebaldeko Saharara, bueltatzea nahi dugu alegia. Horrela, proiektuak zentzua galduko luke eta hurrengo elkartzea beste modu batetara izango litzateke. Sahara libre!
Ikusi Arkaitz Naya harrera aitari egindako elkarrizketa