Arkaitz Naya: "Esperientzia izugarri bat gozatzeko aukera eman digu Sidahmedek"

lorena-lujanbio 2017ko uzt. 14a, 17:42
Saharako lau haur eta Ukrainako bi ume etorri dira udako hilabeteak pasatzera. Arkaitzek eta bere emazteak bigarren urtez hartu dute parte Oporrak bakean programan

Dimas, Valentin, Mahmud, Mohamed-Lamn, Sidahmed eta Wahba dira uda honetan Lasarte-Orian izango ditugun lagunak. Sahara eta Ukrainatik datoz. 

Oporrak Bakean proiektuak hiru helburu nagusi ditu: jatorrizko herrialdeetako egoera gogorretik irteteko ahalbidea ematea, osasun-azterketa orokorrak egitea eta elikadura egokiaren bitartez oneratze fisikoa lortzea. Arkaitz Naya eta bere emazteak 2016ko udan eta aurtengoan izango dute Sidahmed etxean. Hamar urte ditu eta abuztu bukaera arte egongo da Lasarte-Orian. Bi urteotan izandako bizipenak baloratuz, urtero errepikatuko luketen esperientzia bat dela diote. 

Nola izan duzue Oporrak bakean programaren berri? Zein izan zen lehenengo pausoa? 
Duela bost edo sei urte izan genuen proiektuaren berri baina lagun baten esperientziaren bitartez hartu genuen azken erabakia. Hamar urtez ekarri dute haur bat udako hilabeteak pasatzera eta bizitakoa kontutan hartuta, guk ere pausoa emateko momentua zela erabaki genuen 2016an.

Zein baldintza bete behar dira harrera familia izateko?
Ez da asko behar. Nire ustez garrantzitsuena denbora izatea da. Denbora eta egonkortasuna.  Familian pertsona berri bat integratuko da eta horrek izango dituen behar guztiak ahalik eta hoberen erantzuteko, denbora da gakoa. 

Egokitzapen prozesu bat izan duzue Sidahmed etorri baina lehenago?
Elkarrizketak egiten dira haurra iritsi baina lehenago. Gure kasuan, Udaletik eta urte askoz boluntario dabilen pertsona batekin egin genuen prestakuntza. Hauek haurra etorritakoan edukiko dugun testuinguruaren berri ematen digute. Horrek asko laguntzen du haurraren egokitzapenean, batez ere lehenengo egunetan. 

Aldaketarik nabaritzen duzue Sidahmeden?
Guk bi aldaketa ikusi dizkiogu: batetik, lehengo urtetik hona izan duena, eta, bestetik, aldaketa handiena, etortzen diren lehenengo egunetatik, uda bukaerako azken egunetara izaten duena. Aldaketa izugarria izaten da haur hauetan. Hemen bizi duten errealitatea Saharakoarekin alderatuta, oso desberdina da, eta egokitzapen horretarako oso garrantzitsua da adibidez txokoetan egiten den lanketa eta beste umeekin harremana izatea, hori izaten baita hizkuntza ikasteko biderik hoberena. Bi aldaketa mota nabarmenduko nituzke: bata, fisikoa, eta bestea jokabidekoa. Kontuan izan behar da Saharan duten familia nukleoa oso indartsua dela, anai-arreba asko dira eta hango arauak hemengoen oso desberdinak dira. Testuingurua aldatzen da eta bete-beharrak ere bai. Hala ere, harrigarria da egokitzeko duten gaitasun azkarra. Sidahmedek bertara egokitzeko lana egin du baina gu ere haurrari moldatzea oso garrantzitsua dela uste dut. 

Nola aldatzen du zuen udara Sidahmeden iritsierak?
Nire emaztearekin bizi naiz eta seme-alabik ez dugunez, aldaketa handia dela esan daiteke. Hala ere, gure lanorduak koordinatu ditzakegu, eta esperientzia izugarri bat gozatzeko aukera eman digu Sidahmedek. 

Eta uda amaitzean... 
Uda amaitzean, berregokitze lan  bat egin behar da, dagoeneko haurrarekin bizitzera ohituta izaten garelako. Sentipen gazi-gozoa izaten dugu Sidahmeden agurran; batetik pena handia, hutsune handia sentitzen dugulako. Baina bestetik, kontziente izan behar gara, udan hemen izan duen bizi kalitateak, azterketa medikoak, elikadura eta bestelakoak asko lagunduko dutela Saharako baldintza gogorrak jasateko; positiboa da beraientzat. Normalean, jatorrizko familiaren eta harrera familiaren arteko lotura bat egiten da, eta komunikazio jarraia izan ohi dugu telefonoz; argazkiak bidaltzen ditugu, audioak, etab. 2016an Sahara ezagutzeko aukera izan nuen eta izugarria da hango egoera. Sidahmeden familia ezagutu genuen eta konturatu ginen desertuko bizimoduan bizirik irautea dela erronkarik handiena. Egoera hori ikustean loratzen diren balio asko sinesgaitzak dira gure eguneroko bizitzan. 

Bukatzeko, horrelako esperientzia bat bizitzeko gogoa duen edonor animatu nahiko nuke Oporrak bakean proiektuari buruzko informazioa eskatzera.  Onura guretzat eta haurrarentzat izaten da; orainaldian, osasuntsuago bueltatzen delako bere herrira, baina baita etorkizunean ere, hemen dagoena jakiteak beraien egoera aldatzeko grina esnatu dezakeelako.

Ikusi Maria Morchon-eri egindako elkarrizketa