Santi Arrozpide eta Javi Gallaga askatzeko aldarria, azaroko azken ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 25a, 12:04
Sortu Lasarte-Oriak deituta, hainbat lasarteoriatar atera ziren atzo iluntzean Santi Arrozpide eta Javi Gallaga herritarrak aske uzteko eskatzera

Azaroko azken ostirala aldarri ozenak egiteko baliatu zuten hainbat lasarteoriatarrek. Sortu Lasarte-Oriak deitutako elkarretaratzearekin bat egin, eta, Okendo plazatik abiatuta, erdiguneko kaleetan barrena Santi Arrozpide eta Javi Gallaga presoak kaleratzeko eskatu zuten, Bizi osorako zigorrik ez! Xanti eta Javi kalera! Gurekin nahi zaituztegu lelodun afixa eskuetan zeramatela.

Bihar beteko dira hogei urte Javi Gallaga atxilotu zutenetik. Kordoban (Andaluzia, Espainia) dago preso, eta euren ahaideek 1.600 kilometro inguru egin behar izaten dituzte hura bisitatzeko. Duela gutxi hitz egin zuen Txintxarrik Gallagaren amarekin eta anaiarekin: elkarrizketa.

Hiru hamarkada egin ditu Santi Arrozpidek honezkero, espetxeetako barrote artean. Frankismo garaian sartu zuten preso aurrenekoz, eta 1977ko amnistiarekin askatu. Baina, gerora, denbora gehiago eman du kartzela barruan, kanpoan baino. Duela hamar egun bete zituen 30 urte preso; denbora gehien daraman euskal presoa da Arrozpide. Gertuko senide eta lagunek itxaropena dute laster aske ikusteko, baina Txintxarrirekin izandako solasaldian, nabarmendu zuten ez direla fio, "justizia bainoago, politika kontua" delako.