Toñi Ruiz eta Mikel Gallaga: "Preso gutxiago daude, baina ez dugu gutxiago sufritzen"
Hilaren 26an hogei urte beteko dira Jabi Gallaga atxilotu zutenetik. Orduz geroztik familiak egindako kilometroak zenbaezinak dira. "Urteekin okerrera doa dena"

Jabi Gallaga lasarteoriatarraren  familiak azalean sufritzen ditu espetxe politikaren ondorioak: hogei urte eman ditu Frantziako eta Espainiako kartzelak bisitatzen. Azken urteetan Euskal Herrian egoera politikoa aldatu arren, Toñi Ruizek (Arrigorriaga, Bizkaia, 1931) eta Mikel Gallagak (Bilbo, 1966) ez dituzte nabaritu garai berrien onurak. "Kilometro berberak egiten ditugu". Gallagaren amak eta anaiak 1.600 kilometro baino gehiagoko joan-etorria egin behar dute Kordobara (Andaluzia, Espainia), Gallaga bisitatzeko. Hilaren 26an beteko dira hogei urte espetxeratu zutela.  

Nola aurkitu zenuten Jabi Gallaga bisita egin zenuten azken aldian?

Toñi Ruiz: Azken boladan nahiko ondo dabil, nahiz eta beste batzuetan nahiko makal ibili den. Disimulatzen saiatzen da, baina bere amak badaki noiz dagoen gaizki. Kartzelan dagoenetik bere garai onenetarikoak ditu orain.

Mikel Gallaga: Jabik oso izaera ona du. Eta preso daraman hogei urtetan eta ihesean eman dituen hamahirutan umore ona erakutsi du beti. Baina barrutik doa arrangura, eta urteak ez dira alferrik igarotzen. 
Hamahiru urte eman zituen ihesean atxilotua izan aurretik. Presoen senide batzuk esana da behin atxilotzean familia nolabait lasaitzen dela.  

M.G.: Egia da. Ihesean dagoenean adi-adi zaude albisteei begira, gertatu daitekeenaren beldur. Beldurra duzu, hil dezaketelako. Ihesean egon zen hamahiru urteak izugarriak izan ziren bere bizitza sozialerako. Garai hartan soilik familiarekin zuen harremana, eta oso gutxitan. Noski, atxilotu zutenerako lagunik gabe geratu zen. Horiek berreskuratzeko lana egin behar izan genuen.  

T.R.: Ez da egia. Urte guztiak berberak dira familiarentzako; ama bezala hitz egiten dizut. Atxilotu zutenean irratia entzuteari utzi genion, bagenegielako non zegoen. Hori amaitu zen. Baina alde egin zuen lehen egunetik ez dugu lasai lo egiten eta ez gara lasai bizi. Ez da egia atxilo dagoelako lasaiago gaudela, bakakigu-eta nola funtzionatzen duten espetxeek. Pentsa zenbat bisita egingo nituen urte horietan guztietan. Bisita bakoitzean bere ezinegona handitzen ikusi dut.  

Nola eragin du familian horrenbeste urteetako dispertsio politikak? 

M.G.: Gertuko bat kartzelan duzunean bizitza guztia baldintzatzen dizu. Zure izatearen eta denboraren zati handi bat harengan inbertitzen duzu. Auskalo egunean zenbat aldiz akordatzen naizen Jabi anaiarekin. Nire arrebarekin baino askoz gehiago, nahiz eta hura pozik bizi den bere familiarekin. 

Ezinbestean familiaren arreta gunea bilakatu al da? 

M.G.: Bai, noski. Modu batean mendekotasunean dagoen senitarteko bat izatea bezala da. Anaia nagusia da, baina anaia txikia bihurtu da arreta eta zaintzari dagokionean. 

Kordoba 800 kilometrora dago. Joan eta etorri 1.600 baino gehiago dira. Nolakoa da senidea bisitatzeko egiten  duzuen bidaia?

T.R.: Horrenbeste urteetan garraiobide guztiak erabili ditugu. Baina gehien erabili duguna da Mirentxinen furgoneta. Mirentxin elkarteak egiten duena izugarria da. Eta gustatuko litzaidake nabarmentzea ere  Espainiako herritarren partetik jasotzen dugu babes zabala. Liburu lodi bat idatzi daiteke horri buruz. 

M.G.: Normalean Mirentxinen joaten gara, hilabetero familiako kide bat. Nire amak hiru hilabetean behin bidaiatzen du. Orain bi urte arte hilero joaten zen, baina oso neketsuak egiten hasi zitzaizkion bidaiak. Nire amarekin autoz joan ohi gara, gidatzen duen beste pertsona batekin. Eta lo egiteko apartamentu bat hartzen dugu, edo eskaintza bereziren bat topatzen saiatzen gara. Kordoban ongi tratatu gaituzte, eta konfiantzako taxilaria, tabernaria eta hotela dugu. Jende horretaz ari da nire ama; ez dute inplikazio politiko zehatzik, baina gure egoeraz jabetzen dira, eta maitekiro tratatzen gaituzte. 
Hogei urtez luzatu dira bidaia horiek. Ekonomikoki zama garrantzitsua izango da. 

T.R.: Nik kontuak atera ditut: pisu bat ez, bi erosi ahalko nituzke diru horrekin. Baina hori gutxienekoa da. Hilaren bukaerara iristen bagara nahikoa dugu. Garrantzitsuena da Jabiri ahalik eta bisita hoberena egitea, ikus dezan berarekin gaudela. Gainerakoak ez dio axola. Dirua ez da kezka bat. Berak burua entretenitua eduki eta animatua egon behar du. Bidaiak, dirua… Horrek ez dio axola. 

M.G.: Preso bakoitzak bere beharrak ditu. Jabik asko erretzen du, eta hor badauka gastu handi bat. Hilabetean 500-600 euro gastatzen ditugu. 20 urtez, atera kontuak. Beste gauza askotatik kentzen dugulako iristen zaigu, batez ere nire amak. Kartzela ez da doakoa, gutxieneko erosotasun bat eduki nahi baduzu behintzat. 

Ahalik eta bisita gehien edukitzea garrantzitsua izango da. 

M.G.: Zalantzarik gabe. Lasarteko gazte askok ezagutu nahi izan dute, eta bisitak antolatu dituzte. Garrantzitsua da, belaunaldi berriak ezagutu ditzan. Kanpoan egotetik antza gehien duena da kanpokoak bisitan edukitzea. Eskutitzen bidez da presoekin komunikatzeko modua. Eta haiei on egiten die, arratsalde bat igarotzen dutelako eskutitz bat irakurtzen, eta agian beste bat bueltan erantzuten. Garrantzitsua da informazio pertsonala jasotzea, bizitzei buruzkoa. Kontu politikoez jakiten dute-eta gehienetan. 

TXINTXARRI ere jasotzen du astero. 

M.G.: Bai, eta erreferentziazkoa da Jabirentzat, Lasarterekiko loturari eusten diolako horrela. Gainera, txunditu egiten da argazkiekin, urte horietan guztietan herria nola aldatu den ikusten duelako. 

Sentitzen duzue espetxe politika familiari kalte egitera bideratuta dagoela? 

M.G.: Mendeku politika bat da:  "Gaiztoak bazarete hauxe gertatuko zaizue, zuei eta zuen familiei". Kartzela guztiak berdinak dira, Burgosen edo Huelvan. Presoen bizitzan ezer gutxi aldatuko da batetik bestera. Aldiz, guretzat zortzi ordukoa ordez, ordu beteko bidaia izan daiteke. Bisita duzunean bisita duzu. Ezin duzu besterik egin. Presoak ez dira horretaz jabetzen, berdin-berdin edukiko baitituzte bisita kopuru berberak. Moduluko erregimenak ez dira aldatzen. Zentzugabea da presoak urrun edukitzea. 

T.R.: Eta ezin duzu ezer esan, bestela zigortu egiten zaituzte. Beste preso baten familia bati bisitara sartzen uzten ez ziotelako kexatu zen Jabiren aita, eta zigortuta egon zen sei hilabetez bisitak egin ahal izan gabe. Kartzelako itxaron gelara sartzen naizenean erne jartzen naiz, edozer gauza espero dezakezulako. Baina ondo eramaten dugu, familia oso batuta dagoelako. Kantatu egiten dugu, txisteak kontatzen ditugu, barre egiten dugu. Eta etsaia hortaz ohartu da, eta ezin du sinetsi. Kordobako preso batzuk ez dituzte bisitak jasotzen, eta euskal presoek etengabe jasotzen dituzte, kilometroak kilometro.

Gallagak zazpi urte egin ditu preso Frantzian. Kontutan hartzen al dizkiote urte horiek?

M.G.: Ez. Saiatu gara kontra egiten, helegiteak jarrita, baina ez dago aukerarik. 

Noiz atera daiteke kartzelatik?

M.G.: 2025. urterako du ateratzeko data. Bizitza oso bat da kartzelan. Ia 72 urterekin aterako litzake.

Gauza asko pasa dira kartzelan sartu zutenetik. 2011n ETAk jardun armatua amaitu zuen. Familian nola jaso dituzue prozesuari buruzko albiste horiek?

M.G.: Familiari dagokionean ez da ezer aldatu. Kilometro berberak egiten jarraitzen ditugu, urte berberak itxaron beharko ditugu. Jabi ez dago gertu, Jabi ez dago kanpoan. Itxaropen asko sortu ziren, baina gero ez dira bete. Pentsatzen genuen gatazkaren gure zatia ere lasaixeago eraman ahal izango genuela, baina ez da horrela izan. Errepresioak berdin jarraitzen du, edo okerrago; mozal legea dugu orain. 

T.R.: Gauzak okerrera doaz, urteek ez baitute zama arintzen. Eta zer egin dezakegu? Zergatik egoera hau? Gerturatzeaz hitz egiten dute. Nola ba? Kordoban egon den hamahiru urteetan ez dute isolamendu ziegatik atera ere egin. 

Uste al duzue presoen aldeko mobilizazioak gora egin duela? Mugarritzat jo dute abenduan Parisen egingo duten manifestazioa. 

T.R.: Eta zergatik hasi behar dute Frantziako Estatutik? Eta Espainiako Estatuak zer dio?

M.G.: Nire ustez ematen ari dira aurrerapauso nabarmenak presoen alde. Baina esango nuke norbanakoei dagokionean inplikazioa jaitsi egin dela. Prest gaude urtean bi manifestazio jendetsu egiteko, baina astero herrian kartelak jartzea eta beste ekintza txikiak askoz ere gutxiago egiten dira. Sentsazio hori dut nik behintzat. Nik uste dut ezker abertzalearen espazio soziologikoaren kezken zerrendan presoek postu batzuk egin dutela behera. Kuadrillek presoez gutxiago hitz egiten dute. 

Preso gutxiago ere badaude, izan daiteke horregatik. 

M.G.: Bai, badirudi preso gutxiago egotean arazo gutxiago daudela. Baina bakarra egotea nahikoa da. Gutxiago egoteak ez du esan nahi gutxiago sufritzea. Euskal Herriak duintasuna galtzen du preso bat kartzelan dagoen egun bakoitzeko. Ezin gara konformatu eta kondena guztiak bete ditzatela itxaron, ezer gertatu izan balitz bezala. 

T.R.: Erakutsi dugu Euskal Herriko sustraiak ondo errotuta daudela, eta inork ez ditu erauziko. Nire familiako hiru belaunalditako kideak bisitatu behar izan ditut kartzelan. Nire aitonanitk hasita; gerra zibilean atxilotu zuten. Kartzelan sartu duten azkena da nire semea. Horrek zerbait esan nahi du. 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • Yoko-Garbi elkartearen bazkide kanpaina
    Zubietako YOKO-GARBI elkartean, bazkide izateko azken tokiak geratzen direla jakitera ematen du. Familia bonoak, jubilatuei deskontu bereziak, etab. daude. Elkartearen egoitza berria, Alamandegi etxean izango da Izena ematea Alamangi jatetxean edo yokogarbielkartea1@gmail.com helbidean egin behar da, urriaren 14-a baino lehen. Informazio edo azalpen gehiago behar izanez gero, yokogarbielkartea1@gmail.com helbidean eskainiko dira.
  • Erketzen urteurren bazkaria
    Erketz EDT urriaren 21ean bere 50. urteurreneko bazkaria antolatu du, Michelin kirol guneko pilotalekuan. Bazkari gozoa dastatzeko txartelak salgai daude Patricio tabernan, Mendi-Rock tabernan eta Ormazabal lora-dendan. Haurren bazkariko txartelak, 15 euro balio ditu; helduenak berriz, 35 euro. Urriaren 5era arte izango dira eskuragarri.
  • Adineko pertsonen omenaldiko bazkaria
    Adineko pertsonen omenaldi astearen barruan, urriaren 7an, igandea, bazkaria antolatu dute Michelingo Kirol gunean. 500 pertsonentzako lekua dago. Irailaren 5ean, asteazkenean, irekiko da txartelak eskuratzeko epea eta irailaren 25ean amaituko da. Biyak Bat elkarteko bulegoan goizez 10:30etik 12:30era egingo da banaketa eta 8 euro balio dituzte. Antolatzaileek eskudirutan ordaindu behar dela gogorarazten dute. Bazkariaz gozatu ahal izateko baldintzak Lasarte-Orian erroldatua egotea eta 1953 urtean edo lehenago jaioa izatea dira. Salbuespen dira 1953 urtearen ondoren jaiotako bikotekideak. Lasarte-Orian erroldatuak ez badaude, gainera, 29,15 euro ordaindu beharko dituzte.
  • Kiroldegiko neguko ordutegia
    Herriko kirol instalazioetan neguko ordutegia indarrean dago irailaren 1etik. Kiroldegia astelehenetik ostiralera 7:00etatik 22:30era egongo da irekia. Larunbatetan, 9:00etan irekiko ditu ateak eta 20:00etan itxi eta igandetan berriz, goizez soilik erabili ahalko dira instalazioak 9:00etatik 13:00etara. Kirol Guneko erabilera ordutegia astelehenetik ostiralera 15:30etatik 22:30era da. Larunbatetan goiz eta arratsaldez egongo da irekia, 9:00etatik 20:00etara eta igandetan kiroldegiaren antzera, goizez 9:00etatik 13:00etara.
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
PILI
Zorionak! Make up saioa prestatzen hasi parrandarako! Txintxoa izan! Ttakuneko lankideak.
AZKEN PDFa
1434 ( Irailak 21 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Urbistondo ( Asteartea)
San Frantzisko 1
Tel: 943 366567
ASTEA
    • Gandarias-Uribe ( Asteazkena )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Osteguna )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • De Miguel ( Ostirala )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    • Gandarias-Uribe ( Larunbata )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Gandarias-Uribe ( Igandea )
      Iñigo de Loyola 9
      943 019521
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48