Eskerrak ausartu zinen, Idoia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2024ko eka. 11a, 12:00

Egunerokotasuneko uneetatik "istorio politak" sor daitezkeela sinetsita, 'Mikroipuinak' liburua argitaratu zuen martxoan Idoia Torregarai Martija kazetari, gidoigile eta umoregile usurbildarrak, Elkar argitaletxearekin eta Patxi Huarte 'Zaldieroa' komikigilearekin elkarlanean. Lasarte-Oriako Udal Liburutegiak kultur etxeko hitzaldi aretora gonbidatu du egilea lan horri buruzko nondik norakoak azal ditzan. Bertsolari baten pare jardun da, aurkezpen ekitaldiaren dinamizatzaile Goiatz Labandibar Arbelaitzek botatako puntuei jarraituta.

Mikroipuinak mikroliburuaren mikroaurkezpenaren kontakizunak makrokronika izan beharko du ezinbestean, bekatua litzatekeelako lan horren egile Idoia Torregarai Martijak kontatutako xehetasun asko eta asko kanpoan uztea. Kroketa krematsu eta kurruskari bat platerean hozten uztea bezainbeste.

Elkar argitaletxearekin martxoan argitaratu zuen liburuaren orrietan barrena nabigatzen duenak topatuko ditu egunerokotasuneko hamaika une eta bizipen, egilearentzat "maitasunaren eta zoriontasunaren metafora" diren kroketen apologiatik hasi eta filosofikoagoak ("Carpe diem bai, baina bihar") izan daitezkeen edo aforismo kutsua ("Goizeko seietatik hamabietara arte lo aurpegia dut; hortik aurrera, neke aurpegia") izan dezaketen beste mikroipuin batzuetaraino. Euskara bizimodu eta lanerako tresna duen usurbildarrak umorea erabiltzen du bizitzari aurre egiteko estrategia gisa, eta filosofia hori eraman du formatu berezikolan berezi horretara. Patxi Huarte Zaldieroa komikigileak ilustratu ditu Torregarairen hitzezko kontakizun labur baina esanahiz betetakoak.

Twitter sare soziala, abiapuntu

Benetan bitxia da Mikroipuinak-en sorrera. Torregarai duela hamarkada bat pasatxo hasi zen Twitter sare soziala erabiltzen eta "familia moduko bat" topatu zuen bertan, "garai horretan eratzen ari zen euskal komunitatea". Erabiltzaileak denetik trukatzen hasi ziren: informazioa, txisteak... Horrelakoak sailkatzeko hashtag edo traolak izenekoak erabiltzen dituzte eta horietako batek deitu zuen bere arreta: #mikroipuina. "Segituan konektatu nuen horrekin, orduko 140 karaktereko muga ongi doitzen zen nire idazkera eta umorera; nire sormena kanalizatzeko modua topatu nuen".

Mikroipuinak idazteari gustua hartu zionean Torregaraik ez zuen bere izen-abizenekin sinatzen, alter ego edo "beste ni" bat sortu zuelako: Josune Estilista. "Hiruzpalau urtez Donostialdeko ile apaintzaile kulturzale bat izan nintzen". Orduan ezagutu zuen Zaldieroa: "Berria-n astearteetan argitaratzen zituen zintetan hasi zen Twitterren idatzitako esaldiak marrazten; lehenengoa Josune Estilistarena izan zen, Patxik bete-betean sinetsi zuen ni ile apaintzailea nintzela". Sare sozial horren bidez lagun egin ziren eta liburu aurkezpen batera gonbidatu zuen komikigileak umoregilea. "Desbirtualizatzea erabaki eta Patxiri esan nion ni nintzela Josune; txundituta geratu zen".

Torregaraik bere izen-abizenekin dihardu gaur egun sare sozial horretan, bere profila bilatzeko @bootxo idatzi behar dugun arren. 2022ko urrian Elon Musk handi-mandi estatubatuarrak erosi zuen Twitter, eta, besteak beste, izena aldatu zion aplikazioari: X da egun. "Hori gertatu zenean hasi nintzen buruari bueltak ematen: idatzi ditudan mikroipuin guztiak utziko dizkiot Muski?". Kontakizun horiek biltzen hasi zen eta autoeditatzean pentsatzen: "Gainera, marrazkiak ere izango balitu...". Huarteri eman zion ideiaren berri eta ongi ikusi zuen. "Ondoren, nire aurpegi guztiarekin, Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigureni [Twiterren ezagutu zuen] galdetu nion ea interesatuko litzaiokeen horrelako zerbait argitaratzea eta baietz esan zuen". 

Aurreneko bilketa lanean 600 bat mikroipuin zituen Torregaraik. Huarte eta Mendigurenekin kontsultatu eta "galbahe ugari" pasa ostean, 150 jaso ditu liburuan. Txio bat mikropuin zerk bihurtzen duen azaltzea zaila zaion arren, argi du "karga sinboliko bat" izan behar duela idatzitakoak, irakurtzen duenari gauzak iradokitzen dizkion zerbait. Twitterren argitaratzen dituenetatik "%90-95 bat-batean sortutakoak" direla azaldu du: "Oso bizia naiz eta edozein unetan bururatzen zaidana gordetzen dut buruan: oinez nabilenean, dutxan nagoenean, gidatzen, erosketak ordaintzeko ilaran...". Norabide horretan, asko gustatzen zaio mikro hitza, erakutsi nahi duenaren neurrikoa delako: "Bizitza arrunta erakustea gustatzen zait, gauza politak egin ditzakegu horrekin. Errorea, umorea, egunerokotasuna... Horixe naiz ni, horrelakoa da nire bizitza". 

Irakurtzeko moduak

Labandibarrek hainbat galdera egin dizkio alboan zuen Torregarairi: horietako bat, ea Mikroipuinak irakurtzeko modurik iradokitzen duen. "Ez dizuet esango nola irakurri behar duzuen, baina bai jendea nola ari den: batek bi irakurtzen ditu gauetan, ohera sartzen denean; beste batek esan dit pipak jatearen modukoa dela, kontakizun bat bata bestearen atzetik irakurtzeko". Horri lotuta anekdota bitxi bat kontatu du, lana Iruñean aurkeztu zuenekoa. Emakume bat etorri zitzaion eta esan zion orakulu bat bailitzan irakurtzen duela: liburua hartu, edozein orritan zabaldu eta irakurtzen duenarekin egiten duela gero bere "pelikula", adibidez, honekin: "Kontuz txistu egiten duen jendearekin; pozik daude". Irakurle bakoitza egiten ari den bidea "oso polita" iruditzen zaio egileari. 

Irakurtzeko moduari buruz ez ezik, tokiari buruz ere hausnartu du Torregaraik: "Etxean, sukaldean, komunean... irakurtzeko oso ona da, adibidez. Oso domestikoa da, edozein egoeratarako balio du". Egin ditu zenbait aurkezpen honezkero eta irakurleengandik "erantzun ona" jasotzen ari da.