ESKUALDEA

Maiatzaren 1ean Bilbora joateko autobusak antolatu ditu Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 24a, 09:22

Langileen Nazioarteko Egunean manifestazio bat aurrera eramango du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Bilbon, 13:00etatik aurrera. Jakinarazi du Buruntzaldetik bertara joateko asmoa dutenek autobusak izango dituztela Hernanitik eta Andoaindik. Izen ematea Txiki tabernan edo eragilearen sare sozialen bidez egin behar dute interesa dutenek.

Andoaingo ibilgailua 11:00etan aterako da, Txoperatik (Gurutze Gorria). Hernanikoa, aldiz, 11:15ean, Biteri Kultur Etxetik. Autobusez joateko aukeraren berri emateaz gain, EHKSk idatzi bat bidali du TXINTXARRI-ren erredakziora. Honela dio:

Badago alternatiba: langile boterea eraiki

Maiatzaren lehenerako mobilizazioa deitu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Ideia argi bat dago azpimarratzeko, instituzioetatik at dagoela benetako alternatiba. Instituzioen alternatiba faltsuak salatzen aritu gara azkenaldian, kalean mobilizatu beharraren aldarria egiten, eta maiatzaren lehen honetan langile boterearen eraikuntza aldarrikatzera aterako gara kalera Bilbon. Enpresarien eta instituzioen aurrean langileriaren antolakuntza independientea garatzea ezinbestekoa dugu.

Langile klaseko kideon bizi-baldintzak okertzen ari dira etengabe, eskubide politikoen zein ekonomikoen esparruan. Genozidioa eta gerra munduaren egunerokoaren parte bilakatu dira. Palestinako herria errausten ari dira mendebaldeko politikarien zuzeneko edo zeharkako babesarekin. Eskala handiko gerra berri baten mehatxua ere presente daukate agintariek. Estatuen barne aparatuei dagokienez, kontrol soziala, errepresio politikoa eta langile klasearen aurkako jazarpenak geroz eta agerikoagoak dira. Zer esanik ez esparru ekonomikoari buruz: lan-baldintzen etengabeko okertzea, oinarrizko produktuen garestitzea edota etxebizitza eskuratzeko ezintasuna gure errealitatearen parte bilakatu dira.

Hori guztia alderdi instituzionalen zuzeneko parte hartzearekin daramate aurrera mendebaldeko oligarkiek. Instituzioak horretarako daude: mendebaldeko agintarien zein enpresarien mandatuak betearazteko. Baita  politikaren ikuspegi kapitalista bat gailentzeko ere. Iruzur instituzionalaren aurrean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak kalera irteteko deia egiten du. Enpresari eta politikari profesionalen aurka. Militantziaren eta antolakuntza komunistaren alde. Gerra eta basakeriaren aurka, bizitzaren garestitzearen aurka. Estatu sozialistaren alde.

Maiatzaren 1ean Bilbora!