Inauterietako ekimenak finantzatzeko laguntza eska dezakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 23a, 08:42
Konpartsak, aurtengo inauterietan desfilatzen.

Aurtengo inauterietan zehar ekimenak aurrera eraman dituzten pertsona fisiko, juridiko edota konpartsa guztiek aukera dute ekarpen ekonomikoa eskatzeko, udalak jakinarazi duenez. 14.542,85 euroko lerro bat prestatu du jarduera horiek finantzatzen laguntzeko. Eskatzeko azken eguna maiatzaren 31 (ostirala) dela zehaztu du erakunde horrek. Interesa dutenek alta eman behar dute dirulaguntza eskatzaileen erregistro orokorrean eta "behar bezala" bete eskaera orria, "zehatz-mehatz" azalduta zer den garatu dutena eta zenbateko aurrekontua izan duen (sarrerak eta gastuak).

Lasarte-Oriako Udalak jarraian zerrendatutako irizpide hauek erabiliko ditu eskaerak baloratzeko: programaren aurrekontua, 40 puntu; parte hartzaile kopurua, hogei puntu; jardueraren finantzazio tasa, hamabost puntu; ekimenaren ibilbidea edo errotze maila, hamar puntu; antzeko proposamenekiko koordinazioa, hamar puntu; eta entitatearen edo konpartsaren fidagarritasuna, bost puntu.