Euskal Herrira ekarri dute Alex Garcia, Gurutzetako Ospitalean artatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 22a, 16:27

Alex Garcia herrikidea atzo arratsaldean Euskal Herriratu zuten, hegazkin militar medikalizatu batean. Loiuko aireportuan lur hartu ostean Gurutzetako Ospitalera eraman zuten pairatzen ari den pankreatitisa artatzeko. Bi hilabete eman ditu Tailandiako ospitale pribatu batean ingresatuta.

Garciaren senide eta lagunak "lasaiago" daude orain, pazientea Euskal Herrian artatua izaten ari delako. Uneotan Gurutzetako Ospitaleko ZIU unitatean ingresatuta dago eta datozen egunetan bertan jarraituko duela aurreratu dute medikuek.

Familia eta ahaideek dirua biltzeko kanpaina bat aurrera eraman dute azken egunetan, Tailandian ingresatuta eman dituen egunetako eta azkenean erabili ezin izan zuten hegazkin medikalizatua ordaintzeko asmoz. 114.445 euro bildu dituzte. Garcia bueltan ekarri duen abioia Espainiako Defentsa Ministerioak prestatu du.