Maryren bizitzaren lekukotza

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 20a, 21:34

Tanttaka Teatroak Esnearen kolorekoa antzezlana ekarri du Manuel Lekuona Kultur Etxera larunbat iluntzean eta herritar ugari bertaratu da aurpegi ezagunek osatutako aktore taldeen lana ikustera. Aitziber Garmendia protagonistarekin batera, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz aritu dira.

1831ko Ingalaterrako baserri batean bizi da Mary. Albinoa da eta herrena, jaiotzetik arazo fisiko bat baitu. Irakasle izatea du amets, irakurtzen ez badaki ere eta bere izenaz gain ezer gutxi idazten. Aitak ez du bereziki maite eta bikarioaren etxera bidaliko du lanera, haren emaztea gaixotzean. Neskame aritzeaz gain, idazten eta irakurtzen ikasiko du. Hala, mundu berri bat zabalduko zaio, baina larrutik ordainduko du. 

Zenbait unetan historia horren berri zuzenean emango dio Maryk ikusleei, gertakarien lekuko bilakatuz. Aulkiek leku berezia dute eszenografian, antzezten ari ez diren aktoreek erabiltzeaz gain, paisaia irudikatzen baitute pilatutako beste askok; eta hondoko argia moldatzen doa garaiaren arabera.