Udaberria loratu da beste behin Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 20a, 15:17

Urtaroaren lehen herenera bidean, XI. Lore eta Landare azoka aurrera eraman dute goizean. Dozena bat salmenta postutan erosteko aukera izan dute herritarrek Behemendi Elkarteak, deKolore Natur Azokak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatutako ekimenean. Asko izan dira bertaratutakoak eta zer erosi topatu dutenak.  

Lore sortak, landareak, zuhaixkak... berdez eta kolorez bete dute zabalgunea, 10:00etatik 14:30era bitartean iraun duen ekimenean. Askotariko eskaintza zuten aukeran,  tartean, eguzkilorea; postuetako batean haren hazia, lorea edo landarea eros zitekeen. Horrez gain, ukenduak, sendabelarrak, kosmetika edota bitxiak ere baziren. Hortaz, non aukeratu izan dute herritarrek eta horretara animatu direnak ez dira gutxi izan. 

Ohi bezala, txikienentzat zenbait joko ere jarri dituzte plaza erdian, beren kasa ibil zitezen. Gainera, nahi izan dutenek, poto batean  letxuga edo tipula landatu eta etxera eraman dute.