Iritsi da sanpedroak iragarriko dituen kartela aukeratzeko unea

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 17a, 13:39

Lasarte-Oriako Udalak gaur irekiko du San Pedro Jaiak iragarriko dituen afixa aukeratzeko bozketa epea. Maiatzaren 1era arte izango dute herritarrek euren gustukoena aukeratzeko tartea

Herriko jaiak iragarriko dituen egitaraua ilustratuko duen afixa gustukoena aukera dezakete lasarteoriatarrek gaurtik aurrera. Hala jakinarazi dute Agustin Valdivia alkateak, eta Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok prentsaurreko baten bidez.

Azaldu dute aurtengo lehiaketan hemezortzi lan jaso dituztela, baina, horietatik hamabik parte hartuko dutela orain irabazlea izateko lehian; izan ere, udal ordezkariek azaldu dutenez gainerako sei afixak bazter utzi behar izan dituzte, oinarrietan zehaztutako berdintasunari dagozkion  parametroak errespetatzen ez zituelako. Gauzak horrela, lasarteoriatarrek aukera dute, datozen asteetan, hamabi horien artean gustukoena hautatzeko. Kartelak udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai bihar, eta maiatzaren 1era arte izango dute bozkak emateko aukera, udalaren web atarian.

Epaimahai teknikoa ere bai

Iragarri dute, urtero bezala, herritarren iritziekin batera, "epaimahai tekniko" batena ere kontuan hartuko dutela afixa irabazlea izendatzeko. Epaimahai hori "gaian adituak diren zenbait herritarrek" osatuko duela ere argitu dute.

Bozkak emateko epealdia amaituta iragarriko du udalak aurtengo jaietarako kartel irabazlea zein den.