Lore eta landarez beteko da Okendo plaza larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 16a, 14:46

XI. Lore eta Landareen azoka aurrera eramango dute Behemendi elkarteak, deKolore Natur Azokak eta Lasarte-Oriako Udalak. Larunbatean izango da hori, hilak 20, 10:00etatik 14:30era, Okendo plazan. 

Lore eta landareen erakusleiho bilakatuko da Okendo plaza larunbat honetan, hilak 20. Behemendi Elkarteak, deKolore Natur Azokak eta Lasarte-Oriako Udala dira antolatzaileak, eta iragarri dute, ohi bezala, Okendo plazan egingo dela aurtengoa ere. Bi ordu eta erdiko tartea izango dute bertaratzen direnek produktuak ikusi edota erostera joateko; etxeko txikien entretenimendurako, aldiz, jolas eta tailerrak izango dira. 

Hamabi postuk osatuko dute aurtengoa. Izango dira, horien artean, landare eta lore naturalak eskainiko dituztenak, baita haziak, kosmetika naturaleko produktuak, edota lore eta landareekin egindako bitxi eta bestelako produktuak salduko dituztenak ere. Horien guztien artean, bat lasarteoriatarra, hazi ekologikoena.

Antolatzaileak "pozikbeta eskertuta" agertu dira beste urtebetez egitasmoa aurrera eramango dutelako, eta herritarrei dei egin diete kalera irten eta azokaz goza dezaten. Gaineratu dute "arrakasta handia" duen hitzordu bat izaten dela.