LOKEko gimnastek lan ederra egin dute Izarrak torneoan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 16a, 11:30
Paula Martinez (ezkerrean) eta Mirian Prieto (bigarrena eskuinetik), Izarrak Torneoko podiumean. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek lehiaketa garrantzitsuez betetako hilabeteak dituzte. Mailaren arabera, torneo zein Gipuzkoako txapelketako sailkapen saioei edo finalei egingo diete aurre hurrengo asteetan

Hilaren 14an, Barakaldora bidaiatu ziren taldeko kide Paula Martinez eta Mirian Prieto. Izarrak torneoan lehiatu ziren biak senior mailan eta xingolarekin lan ederra eginez, lehen postuetan sailkatu ziren; Martinezek zilarrezko domina jantzi zuen eta Prieto laugarren izan zen. Biak maiatzaren 5ean Tolosan jokatuko den Gipuzkoako txapelketako finala prestatzen ari dira. 

Hurrengo hitzorduak

Hilaren 20an eta 21ean, eskolarteko txapelketak hartuko ditu Donostiako Karmelo baldako tapizak. Gipuzkoako txapelketako bigarren sailkapen saioari egingo diote aurre LOKEko kideek.

Lehen egunean, alebin mailako banakako zein taldeek erakutsiko dituzte euren lanak. Banakakoek sokarekin lan egingo dutela jakitera eman dute taldeko arduradunek. Eta bigarrenean, aldiz, Lasarte-Oriako elkarteko infantil mailako taldea izango da lehian.

Guztiek maiatzaren 11n, Irunen jokatzen den finalerako sailkapena izango dute jokoan.