Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean parte hartuko du Lierni Rekondok

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 16a, 08:00

Udazkenean jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Ziurra da data baina ez nortzuk parte hartuko duten, izan ere, hilaren 25ean hasi eta ekainaren 2an amaituko den sailkapen fase bat aurrera eramango dute hori erabakitzeko. Gauzak horrela, 74 bertsolari ariko dira koplaka hogei saiotan, bi itzulitara. Bigarren errondara 48 pertsona sailkatuko dira eta horietatik 34k poltsikoratuko dute udazkeneko hitzordu handirako txartela. Partaideetako bat izango da Lierni Rekondo lasarteoriatarra.

Herritarra B multzoan dago eta Oñatiko Santa Ana antzokiko saioan parte hartuko du maiatzaren 17an, ostiralarekin, 19:00etatik aurrera. Beste bost bertsolarirekin batera ariko da: Aimar Sorazu, Andoni Rekondo, June Aiestaran, Maddi Aiestaran eta Maide Garmendia. 

Urteurren berezia

Sailkapen fasearen antolatzaile den Gipuzkoako Bertsozale elkarteak jakinarazi du 50 urte bete direla aurten lurralde horretan lehen bertso eskola sortu zutenetik. Urteurren berezi hori "behar bezala" ospatzeko afari meriendak egingo dituzte saio bakoitzaren ondoren. Lehen fasean hamabi kanporaketa jokatuko dituzte eta bigarrenean, berriz, zortzi.

Aipatu urtemugaren ildotik diseinatu dituzte sailkapen faseko mezua eta irudia. "Unai Gaztelumendiren ilustrazioak bertso eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira", azaldu du Bertsozale elkarteak.