LOKEko judokak, bikain kadete zein infantil mailako Euskadiko txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 15a, 15:15
LOKEko Diez (ezker), Curiel (erdia) eta Linazasoro (eskuinean) judokak, euren podiumetan. Arg.: LOKE Judo.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) Judo ataleko kideak indartsu itzuli dira oporretatik. Bi hitzorduetan parte hartu dute elkarteko kadete zein infantil gazteek Erandion, Bizkaian eta bietan dominak jantzi dituzte

Hilaren 13an, kadete mailako judokek eman zioten hasiera txapelketen asteburuari. Euskadiko txapelketa jokatu zen Erandioko Altzaga kiroldegian eta LOKEko kide Ekain Luis, Aitor Santos zein Iker Izquierdok euren onena eman zuten podiumean egoteko.

Luisek eta Santosek urrea jantzi zuten euren kategorietan, 90 kilo baino gehiagoko eta 81 kilo baino gutxiagok mailan, hurrenez hurren. Izquierdok, aldiz, 66 kilo azpiko lehian hirugarren amaitu zuen lehia.

Lehen biek gainera domina eta Euskadiko txapeldun titulua eskuratzeaz gain, hilaren 26an eta 27an Iruñean lehiatuko den Espainiako txapelketarako sailkapena lortu dute.

Ekain Luis, Aitor Santos eta Iker Izquierdo, eskuratutako dominekin. Arg.: LOKE Judo.

Euskadiko jokoetan ere fin

Infantilen txanda izan zen hurrengo egunean, hilaren 14, igandearekin eta taldeko Iraia Diez, Anne Linazasoro, Ubai Curiel eta Sofia Pozo kideak Euskadiko Eskolarteko kirol Jokoetan borrokatu ziren.

Lasarte-Oriako judoka gazteek lan ederra egin eta hiruk euren mailatan podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu zuten: Diez (57 kilo azpiko kategoria), Linazasoro (63 kilo baino gehiagoko maila) eta Curiel (66 kilo baino gehiagoko kategoria). Pozo, aldiz, podiumetik gertu geratu zen 44 kilo azpiko mailan; zazpigarren izan zen.