Gurasoen bizipenetatik abiatutako dokumentalekin hasi dute zikloa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 13a, 23:21

Euskal Dokumentalen Zikloari ekin dio asteburuan Okendo Zinema Taldeak emanaldi bikoitzarekin. Ostiralean, Iratxe Fresneda bilbotarrak zuzendutako Tetuan, eta larunbatean, Maria Elorza gasteiztarraren A los libros y a las mujeres canto proiektatu dituzte. Emanaldi bakoitzean, gainera, zuzendariekin solasaldia egin dute. 

Arazo teknikoren bat tarteko, ostiraleko saioa moldatu behar izan zuten. Hala, filmaren aurretik hitz egin zuten Fresnedarekin Tetuan eta Euskadi lotzen dituen lanari buruz. Lau etorkinen bizipenak eta Fresnedarena berarena nahasten ditu kontakizunak. Zuzendariak bere aitaren iraganarekiko duen jakin-mina medio, bidaia egingo du Tetuan, Almeria, Madril, Pirinioak, Euskal Herria eta Errumaniako herri batean barrena. 

Elorzaren lanak ere nolabat lotura du bere gurasoekin. Izan ere, proiektuaren abiapuntua bere amak izandako istripu bat da: Etxeko liburutegiko apalategietako bat gainera erori zitzaion. "Txantxa moduan" eta "helburu jakinik gabe" hasi zuen grabaketa gasteiztarrak. Bere kabuz egin zuen dena, "inprobisaziotik, intuizio batetik", material horrekin film bat egiteko asmorik gabe. 

"Belaunaldi baten erretratua da, Literaturarekiko maitasuna transmititzen du", adierazi zuen Elorzak. Lanean agertzen diren emakumeak belaunaldi berekoak dira, Anne zuzendariaren ahizpa izan ezik, eta literaturarekin harreman berezia dute. Ama italiar literatura irakaslea zen eta haren lagunak dira gainerakoak. "Umore asko dute denek eta Literaturaren ikuspegi praktiko bat, bizi eta praktikatzen dute, egunerokoan integratuta dute". 

Emakume bakoitzaren testigantzarekin batera, beti agertzen da beren etxeko liburutegia eta eduki horri Elorzak bakoitzak kontatutakoak iradokitako irudiak gehitu dizkio, bere film kuttunen zatiak, kasu. "Omenaldia egiteko asmoa nuen eta aditzera eman ez dela kasualitatea nik zinema egitea eta jende hori inguruan izatea. Seguru asko lotuta dago".

Transmisioaren ideia ere oso presente izan du, ahozko kontakizunetan literatura bilatu du eta kantuaren ideia izenburura eraman nahi izan du "zinema, literatura, musika... muinean gauza bera dago eta bizitzari oso lotutako zerbait da".

Zikloaren hurrengo emanaldiak hilabeteko azken asteburuan aurrera eramango dituzte.

  • Hilak 26, ostirala: Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxearen Cabeza y corazón proiektatuko dute. Zuzendariak saiora etorriko dira.
  • Hilak 27, larunbata: Josu Martinezen Mirande emango dute. Zuzendaria saiora etorriko da.