Herriko parte hartzearen egoera, kulturgintzaren ikuspegitik

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 12a, 09:58
Argazkiak: Oreki fundazioa

'Berrikuntza Politikoa Esploratzen: Lasarte-Orian parte hartzearen kultura biziberritzeko ikaskuntzak' ikerketa proiektuaren barruan, Oreki fundazioak antolatutako mahainguru zikloaren bigarren saioa aurrera eraman dute ostegun arratsaldean. Danok Kideren egoitzan egin dute, eta, oraingoan, kulturgintzaren ikuspegitik herriko parte hartzeak bizi duen egoera jorratu dute

Herriko partaidetza bere zentzurik zabalenean ulertzeko asmoarekin gazte, elkarte eta erakundeen ahotsa jaso du Oreki fundazioak. Horrela, saioaren lehen zatian, Julen Basterra musikari lasarteoriatarra, Ketxus Marcos Danok Kide eta Lasarte-Oriako Bizikidetza taldeko kidea eta Nagore Durán Partaidetza eta gardentasuna saileko arduradunak gaiarekiko haien hausnarketak partekatu dituzte, bakoitzak bere esperientziatik. Ondoren, bertaratutako lagunei eman diete hitza; ekimen kulturalak aurrera eramateko zailtasunak, kultur elkarteen bilakaera, belaunaldi arteko txandakatzearen beharra eta administrazioaren eta eragileen arteko deliberazioaren premia mahaigaineratu dituzte.

Hilaren 22an izango da hurrengo hitzordua, Ttakunenean elkartean, 18:30ean. Partaidetzaren egoera landuko dute, euskalgintzaren ikuspegitik.