Osasun mentalaren gaia bolo-bolo dabil azken urteetan, eta geroz eta ikerketa gehiago burutzen ari dira gai honen inguruan. Duela pare bat egun, sare sozialetan saltseatzen nenbilela, zera zion albistea irakurri nuen bertan: Osasun mentalean arazoak dituzten gazteen ehunekoa goraka doa etengabe. Pantailari klik egin nion hatzaz, eta argaltzeko jarraitu beharreko dieta baten inguruan hitz egin zidan jarraian zetorren bideoak, harremanen alderdi toxikoa goraipatu hurrengoak.

Aro digitalean, sareak gazteen, eta ez hain gazteen, eguneroko bizitzaren zati integral bihurtu dira. Hala ere, nonahikotasunak zalantza handiak sortzen ditu belaunaldi honen osasun mentalean duten eraginari buruz. Sare sozialek konexio sozialerako eta adierazpen pertsonalerako plataforma bat eskaintzen badute ere, antsietatea, depresioa eta autoestimu baxua ere sor ditzaketeela mahaigaineratu da.

Arazo nagusietako bat etengabeko alderaketa dela esango nuke. Plataforma hauek alderaketa-kultura bat sustatzen dute, non erabiltzaileek etengabe ebaluatzen dituzten beren bizitzak, besteen itxura perfektuaren arabera. Horrek nahikoa izatearen ala ez izatearen sentipenak sortzen ditu gure bizitzekin alderatzerakoan eta, horrek, lehendik zeuden osasun mentaleko arazoak areagotu edo arazo berriak sor ditzake.

Gainera, "zerbait galtzeko beldurraren" fenomenoak (FOMO, ingelesez) sare sozialekiko mendekotasuna elikatzen du. Badirudi ingurukoa baina aberatsagoa dela pantaila barruan dagoen mundua. Horrek etengabe konektatuta egoteko premia konpultsiboa sortu dezake eta aldi berean ongizate orokorra zalantzan jarri eta pantailatik kanpoko jardueretan kontzentratzeko gaitasuna murriztu. Beste alderdi kezkagarri bat jazarpen zibernetikoa da. Interneten anonimotasuna eta distantzia fisikoa direla eta, sarritan, jendea askeago sentitzen da beste batzuk jazartzeko, eta horrek arazo emozional larriak eragin ditzake.

Aisirako eta lanerako tresna funtzionalak zirenak arazo larri bihurtzen ari dira, eta onura ugari eskaintzen badituzte ere, ezin da alde batera utzi gugan duten eragin negatiboa. Nahitaezkoa da une batez gelditzea norbere buruari begiratu eta sarearekin dugun harremana ikertzeko.

Gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan badirudi sarean publikatzen ez dena, sarearen parte ez dena, ez dela existitzen, baina agian gu gara ia ohartu gabe bizitza errealean existitzeari uzten ari garenak.