Kirolaz gaindiko benjamin torneoa izan zen Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 11a, 15:15

Futbolaz eta elkartasunaz betetako jardunaldi ederra izan zen hilaren 6an Michelingo kirol gunean. Texas Lasartearra CF-k Lengokoak, Añorga, Vasconia, Kostkas, Igeltegi, Sporting de Herrera, Internacional, Mundarro, Martutene eta Antiguoko harrobiko taldeak batu zituzten I. Benjamin txapelketan. Giro ederra izan zen eta harmailak beteta egon ziren egun osoan zehar

Antiguoko eta Vasconia A taldeek jokatu zuten lehiaketako Urrezko faseko finala eta donostiarrak izan ziren garaile, 3-1. Zilarrezko fasean ere emaitza bera izan zen; Igeltegi gailendu zitzaion Vasconia B-ri.

Texas Lasartearrako taldeak multzoko fasean Vasconia A, Internacional eta Mundarro izan zituen aurrez aurre eta hiru neurketak irabazi zituen. Baina finalerdietako ateetan geratu zen.

Ezkerrean, Antiguoko eta Vasconiako jokalariak finala jokatzeko zain. Eskuinean, Texas Lasartarra CF-ko gaztetxoak. Arg.: Isaac Farré Fotografo.

Jardunaldian zehar, Texas Lasartearra CF-k Yeray Rodriguez herritarraren hazkunde hormonaren tratamendua finantzatzeko diru bilketa egin zuen eta pozik agertu dira jendea zein babesleen erantzunarengatik.

Horrez gain, Rodriguezek berak Urrezko faseko finaleko ohorezko sakea egitea aurreikusten zuten antolatzaileek, baina ospitalean zegoenez, bere ama Patricia Martinek egin behar izan zuen. 

Aurretik Yerairentzat Texas Lasartearraren kamiseta bat jaso zuen; Goizalde Pildain kirol zinegotziak eman zion.

Yeray Rodriguez, Texas Lasartearrako kamiseta soinean. Arg.: Patricia Martin.