Eguzkiko hiru jokalari 12 urtez azpiko Euskadiko selekzioarekin lehiatuko dira Murtzian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko api. 12a, 09:30
Eguzkiko hiru kideak prestaketa partida baten ostean. Arg.: G. Redondo

12 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa apirilaren 17tik 21era, Murtzian jokatuko da eta Eguzki Areto Futbol elkarteko hiru gazte Euskadiko deialdian sartu dira

Eguzki Areto Futbol taldeko Julen Mauleon, Julen Murillo eta Aimar Garcia gazteek Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa jokatuko dute apirilaren 17tik 21era, Murtzian.

12 urtez azpiko Euskadiko selekzioak herriko taldeko hiru gazteak deitu ditu txapelketan parte hartzeko. Lehiaketa prestatzeko hainbat saioetan izan dira gaztetxoak Eguzkiko Inhar Lasa eta Unax Oliva taldekideekin batera; hiruk bakarrik lortu dute azken deialdian egotea.

Herritarrak kide izango dituen Euskadiko taldea D multzoan lehiatuko da eta Andaluzia eta Aragoi izango ditu aurkari. Taldeko lehen geratuz gero, hilaren 20an finalerdiak jokatuko lituzkete eta finala egun bat beranduago izango litzateke.

14 urtez azpiko mailako prestaketa saioetan ere izan da herritarrik, Alex Corchuelo eta Unax Urdangarin, baina txapelketatik kanpo geratu dira.

Liga aurrera

Nahiz eta harribiko selekzioek lehia izan, ligak ez du etenik izango eta Eguzkiko taldeek jardunaldia jokatuko dute .

Etxean I. mailako zein infantilen partidaz gozatu ahalko da, biek neurketa zailei egingo diete aurre.

Lehen taldeak bigarren postuan dagoen Oiartzunekin neurtuko ditu indarrak, hilaren 12an, 20:50ean. Taldeko txikiak, aldiz, sailkapenean bi puntu aurretik dagoen Laskorain izango dute aurkari, hilaren 13an, 9:30ean.