Herrian jarduera ekonomikoak aurrera eraman nahi dituztenak diruz lagunduko ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko mar. 13a, 13:09

Dirulaguntza lerro bat prestatu du Lasarte-Oriako Udalak, gure herrian enpresa txikiak eratu nahi dituztenei laguntzeko: 40.000 euro bideratuko ditu horretara. Negozioek merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu pertsonalen alorrekoak izan beharko dute. Eskaerak egiteko epea urriaren 31n bukatuko da, egun hori barne. Iaz, hamar establezimenduren jabek baliatu zuten aukera hori eta 25.800 euro jaso zituzten guztien artean.

Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek azaldu dituzte lerro horren xehetasunak. Zortzi urte daramatzate enpresa txikiak ireki nahi dituzten herritarrak laguntzen, tokiko merkataritza "sustatu eta indartzeko" asmoz. Urteak joan eta etorri, bideratu beharreko diru kopurua eskaerara doitu dute eta azken urteetan egonkortu egin dute: 40.000 euroko poltsa bat prestatu dute. Ekintzaileek eskatutakoa ez balitz kopuru horretara iritsiko, soberan geratzen dena eskatzaileen artean banatuko dute, betiere kontuan izanda zein den eskatutakoaren eta onartutako gastu totalarekiko proportzionala dena eta esleitu zaienaren %20 baino gehiago izango ez dena. Kontrara, 40.000 euro horiekin ez balira helduko, alkateak jakinarazi du igo egingo luketela diru partida.

Dirulaguntzaren lerroak

Sozioekonomia saileko buruak esplikatu ditu dirulaguntzaren lerroak zenbat eta nolakoak diren. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 31 izango da, egun hori barne. Sortu edo hartu nahi dituzten negozioek merkataritza, ostalaritza edota zerbitzu pertsonalen arlokoak izan beharko dute.

Lehen lerroan bost egoera hauek jaso dituzte:

  • Eragin komertzial handiko eremuan dauden establezimenduak. Gastuaren %60 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.500 euro
  • Eragin komertzial handiko eremutik kanpo dauden komertzioak. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.800 euro. 
  • Erretiroa hartu duten jabeen negozioarekin jarraituko dutenak. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 1.800 euro.
  • Negozioaren jabeak aitortutako desgaitasunen bat badu. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 2.500 euro. 
  • Komertzioaren titularrak 55 urte edo gehiago baditu. Gastuaren %80 lagunduko du diruz udalak: gehienez ere, 2.500 euro.

Arestian aipatutako ekarpen horietakoren bat jasotzen duten eskatzaileek laguntza osagarri zenbait eskura ditzakete. Hauek dira: 

  • Emakume ekintzaile izateagatik, 500 euro.
  • 30 urte edo gutxiago izateagatik, 500 euro.
  • Langabezian luzaroan egoteagatik (urtebete edo gehiago), 500 euro.
  • 0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak, familia harrerako erregimeneko adingabeak (16 urtera artekoak, %33ko desgaitasuna edo handiagoa badute) eta/edo dependentzia egoeran dauden senitartekoak haien kargura dituzten pertsonek, 500 euro. 

Hirugarren lerroaren helburua, berriz, ekintzailetza sustatzea dela azpimarratu dute udal ordezkariek:

  • Ekintzaile batek espazio berezi bat (coworking izenez ezagutzen dena, oro har) behar badu sortu edo hartu nahi duen negozioaren bideragarritasun plan bat egiteko, 600 euro jaso ditzake gehienez, sei hilabetez toki horretan lan egitearen gastuak estaltzeko.
  • Establezimendua ireki eta bertan lanean hasten bada coworking-a erabiltzen ari den bitartean, diru gehiago jaso ahalko du, asko jota, 1.200 euro. Hori bai, urtebetez uztartu ahalko ditu bi zereginak, ez luzaroago.

Iaz, hamar onuradun

2022an baino bost establezimendu gutxiagok baliatu zuten dirulaguntzak eskuratzeko aukera. Hamar komertzioren artean 25.800 euro jaso zituzten. Hauek izan dira:

Negozioa Jasotako laguntza
Jalgi kafe antzokia 3.000 euro
Maite estetika zentroa 3.000 euro
Veruschka estetika 2.760 euro
Küchen sukaldeak 2.760 euro
Arima taberna 2.760 euro
AES ile apaindegia 2.760 euro
Vain Woman 2.400 euro
Lilura liburu eta jolas denda 2.400 euro
Auzoko denda 2.160 euro
First Connect telefonia denda 1.800 euro