Intza Alkain Ibarguren: "Bakoitzak bere bidaia egingo du, 'Album'-en barrena"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 11a, 13:23

INTZA ALKAIN IBARGUREN - SORTZAILE ETA AKTOREA

Urtebeteko epean, hamaika antzokitako oholtzatan antzeztu dute 'Album'. Oraingoan, Manuel Lekuona Kultur Etxekoan emango du bere lana Formol Laborategiak, larunbatean, hilak 12. Emanaldi berezia izango da; urtebete beteko baitu, estreinatu zutenetik

Formol Laborategiak Album antzezlanaren emanaldia egingo du bihar, hilak 12, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 20:00etan. Intza Alkain Ibarguren (Lasarte-Oria, 1995) herritarra da antzezle eta sortzaileetako bat, Mikel Ibarguren eta Edurne Azkaraterekin batera. Saio berezia izango da gainera Lasarte-Oriakoa; urtebete beteko baita Album estreinatu zutenetik.

Ikusmina mantentze aldera, ez dugu gehiegizko informaziorik zabalduko, baina aurreratu du ikusleek ez dutela hasiera, korapiloa eta amaiera duen istorio baten berri izango. Ostruka eta arrainontzi artean, Millenial belaunaldiaren iruditeria batean barrena bidaiatzeko aukera eskainiko die obrak.

Zer da 'Album'? Zer topatuko du ikusleak Manuel Lekuonako oholtza  gainean? 
Antzezlan bat da. Gazteon gaineko ikerketa bat burutu genuen, eta horri forma eszenikoa eman diogu, hori eraman dugu taulagainera. Millenial izenarekin ezagutzen den belaunaldiaren iruditeria bat topatuko du ikusleak; horiek bizi dituzten egoerak, kezkak eta beldurrak taularatuko ditugu. Ikusleak ez du hasiera, korapiloa eta amaiera duen istorio lineal bat jasoko, baina bai argazki asko.

Hortik 'Album' izena?
Bai. Iruditeria hori erakutsiko dugunez, antzezlanari izen hori eman diogu. Ziurrenik, gainera, irudi horietako batekin edo bestearekin identifikatuko da ikuslea. Bakoitzak bere bidaia egingo du album horretan barrena.

Gehiegizko informaziorik aurreratu gabe, esan dezakegu iruditeria horretan, bereziki bi elementuk hartzen dutela garrantzia berezia, ezta?
Bai. Antzezlanean jokatzen dugu metafora eta sinbologia askorekin, eta hor, garrantzia berezia hartzen dute ostrukek eta arrainontziek. Beste elementu batzuk ere badaude, baina horiek dira bereizgarrienak. Ostrukek, kontatu nahi genuenarekin bat egiten duten ezaugarri ugari dituztela konturatu ginen, eta uste dut ikuslea identifika daitekeela animalia horrekin. Informazio gehiegirik eman gabe, esan dezakegu hegan egin ezin duten hegaztiak direla, eta handiak eta ederrak izan arren, baldar itxura dutela. Pentsatzen da baita ere lurrean egiten dituzten habiak euren buruak ezkutatzeko egin ohi dituztela, baina hori ez da hala; arrautzak gordetzeko egiten dituzte. 
Arrainontzia, berriz, kutxa garden bat da, eta horiez inguratuta bizi garela uste dut. Elementu hori zergatik erabiltzen dugun ere ikusiko dute.

 

"Gazteotaz oholtzan gutxi hitz egiten zela ohartu, eta hortik abiatu ginen" 

 

Zergatik erabaki zenuten gai hori taularatzea? 
Ideia zehatzik gabe bildu ginen, duela bi urte, zerbait egiteko gogo hutsez. Edurne, Mikel eta hiruok Artedramak antolatzen dituen Aulestiko topaketetan elkartu ginen, eta bertan piztu zitzaigun zerbait sortzeko gogoa. Konturatu ginen gazteotaz gutxi hitz egiten dela oholtzan, eta sentitu genuen horretaz, gutaz, aritzeko nahia, eta agertoki batetik esateko dugunaz pentsatzen hasita erabaki genuen bide hori hartzea. Askotan definitzen gaituzte prekario eta frustrazioari intolerante gisa,  bizitzan galduta gaudela entzun   behar izaten dugu behin eta berriz... Baina, horren aurrean,  zer dugu guk gutaz esateko? Hausnarketa horretatik abiatuta osatu dugu gure sormen lana. Jartzen zaizkigun etiketa horiek guztiak hartu, eta horiei tiraka guk esateko duguna esanaz osatu dugu Album.

Nolakoa izan da sortze prozesua?
Bildu eta mahai lana egin genuen lehenengo; gaia topatu eta horren inguruan zer kontatu nahi genuen aztertu genuen. Behin hori eginda, hainbat dirulaguntza eskatu genituen, eta espazioen eskaerak ere egin genituen. Bide horretan, Tabakalerako sormen gunearen erabilera lortu genuen, eta orduan hasi ginen material eszenikoa sortzen. Horretan ari ginela, Zubi –Euskal Antzerkiaren Sortzaile Berriei Laguntzen– egitasmoaren  irabazleak izan ginen. Horrek bermatu digu emanaldi zirkuitu bat, hau da hainbat antzokitan Album eman ahal izatea. Gasteizko Udalaren beste dirulaguntza bat ere lortu genuen, eta horri esker aholkularitza bat jaso genuen. Izugarri miresten ditugun Metrokoadroka Sormen Laborategiko lagunengana jo genuen horretarako, eta sekulako babesa eman ziguten. Egiten ari ginenarekin jarraitzeko bultzada eman ziguten; oso beharrezkoa izan zen bide onetik gindoazela berresteko. Gainera, hasieratik izan dugu garbi gure sormen lana beste gazte sortzaileekin harremanetan jarriaz egin nahi genuela, eta hala egin dugu. Besteak beste Itu Bandak sortutako testu batzuk erabili ditugu Album eratzeko, eta agertokiko argiteria prestatzeko, adibidez, Miriam Ubanetengana jo genuen.

Zein rol jokatu duzue sortzaile bakoitzak?
Hiruok dugu izaera sortzailea eta denak aritu gara material eszenikoa sortzen. Baina, Album-en kasuan, Edurnek hartu du kanpo begirada eta lanarekiko zuzendaritzaren ardura. Horretan aritzeko gogoa zuen eta Mikel eta biok aktore lanak hartu ditugu gure gain. Eta, noski,  hau guztia aurrera eramateak ere eskatzen du lan administratiboa, eta hor bai, bakoitzak gure lan eta ardurak izan ditugu. Uste dut prozesua nahiko naturala izan dela, baina lehen unetik argi izan dugu talde horizontal bat izango ginela.

Jendaurrean, beraz,  Mikel eta zu ikusiko zaituztegu. 
Hori da, bai, eta gurekin batera bestelako hainbat elementu ere bai; ikus-entzunezkoak esate baterako.

Nola moldatzen zarete taula gainean elkarrekin? 
Oso ondo. Eszenikoki, bisualki oso ezberdinak gara. Mikel altua eta handia da, eta, ni, aldiz, txikia, eta irudi soil horrek gauza asko esaten ditu. Erraz topatu dugu  elkar hasieratik, baina asko galdu behar izan gara elkar topatzeko, eta horretarako pertsona egokiena izan da Mikel. Ez da batere erraza eszenan ezer egin gabe egotea, eta hori ere bilatu nahi izan dugu. Zer daukat esateko ezer egiten ari ez naizenean edo ezer esateko ez daukadanean?

Euskal Aktoreen Batasunak antolatzen duen Besarkada Sarietan izendatua izan zinen 'Album' lanagatik. Nola bizitu zenuen hori?
Ez genuen espero, eta pluralean diot, izendapen hori Album-i egin zaion aitortza txiki bat izan dela uste baitut. Hautagaien artean egon izanak esan nahi du jendea etorri dela gure lana ikustera, eta gustatu zaiola, eta horrek eman zidan poz gehien. Izendapen horrek ere berresten du egiten ari garena ongi egiten ari garela, eta bide horretan jarraitzeko bultzadatxoa ere eman digu. Sariketa horrek erakusten du sare bat badagoela, mundu horretan gabiltzanok, elkarren lanak ikustera joaten garela eta baita horiek babesteko nahi badugula. Elkarri errekonozimendu bat egitea da. Azpimarratu nahi dut gainera, euskarazko lanak bertan egoteak garrantzia duela niretzat.

 

"Euskarazko antzerkigintza osasuntsu dagoela uste dut; sormen lan ugari dago"

 

Euskarazko lanak aipatu dituzula, zein egoera bizi du euskarazko antzerkigintzak?
Nire iritziz oso osasuntsu dago. Sormen lan asko egiten dira eta euskarazko antzerkia egiten duten talde eta konpainia asko daude. Egia da, ordea, lan hori guztia ez dela ikusten. Hori  da betiko arazoa. Programatzen dena ikustea besterik ez dago. 
Euskal Herrian gaztelaniazko sormen lan gutxiago eratzen dira euskarazkoak baino, eta hala eta guztiz ere, oholtzek ez dute errealitate hori islatzen. Denok izan dezakegu lekua. Oreka bilatzea da kontua.

Kulturan eta artean egiten den inbertsio eskasa ere ezin dugu aipatu gabe utzi;  gehiago inbertituko balitz eta aukera gehiago emango balitzaizkio, egoera ezberdin batean geundeke.

Larunbateko emanaldia, gainera, arrazoi bikoitzagatik izango da berezia. Batetik zure herrian oholtzaratuko duzulako 'Album',  baina baita ere urtebete beteko delako lan hori estreinatu zenutenetik. 
Bai hori da. Album-en urtebetetzea eguna izango da, eta aitzakia hori baliatuko dugu emanaldi ostean ospakizun txiki bat egiteko. Kultur etxeko kafetegian izango da, luntx txiki bat prestatuko dugu, eta bertaratzen diren ikusle guztiak daude horra gonbidatuta.

Eta etorkizunari nola begiratzen diozue? Gazteak antzokietara erakartzeko helburuarekin ere sortu zineten. Bide beretik jarraitzeko asmoa duzue?  
Hori zen gure erronketako bat, eta uste dut lortzen ari garela. Ikusle askok esan digu gazte pila datozela gure emanaldietara, eta, hori gure helburuetako bat lortzen ari garen seinale da. Guk ere badugu irudipen hori, eta alde horretatik oso pozik gaude. Topatu dugu antzokietara joateko ohiturarik ez duen jendea, eta esan izan digute aspaldi antzoki batera ez joanagatik, oso ondo pasa dutela. Gazteak erakartzeaz gain, gozaraztea da xede; horrelako espazioetan ere ondo pasa daitekeela aldarrikatu nahi baitugu.