Angel Justel: "Ahoz ahokoa da publizitate onena"

Maitane Aldanondo 2021ko ira. 24a, 13:25

Oinetakoekin harremana izateko asmorik ez bazuen ere, haien artean darama bizitzaren gehiena. Apirilean 25 urte bete ditu Sasoetan duen lantegiak, eta erretiratzeko aukera heldu bazaio ere, oraingoz, lanean jarraitzea nahiago du.

Hilabete txarra izan ohi bada ere, oporretatik bueltan mahaiak lanez bete zaizkio Angel Justel-i (Leon, 1956). Lehen orduan jarri du hitzordua solasaldirako, lasaiago ibiliko delakoan, baina Gaztelekutik gertu duen lokalaren beira leihoen aurretik igaro den ia edonork agurtu du. Asko urtetako bezeroak ditu eta izena aipatuta itzuli die agurra.

Oinetako pare baten orkoiak zabaltzen jartzen ari dela hasi da hizketan. Leonen (Gaztela eta Leon) jaio eta 8 urterekin Eibarra joan zen bizitzera Justel. Adin nagusitasunarekin batera, soldaduska egitera deitu zuten  Madrilera. Urte eta erdi egin zuen Itsas Armadan, umorez gogoratu bezala, itsasoko ura arrotza bazitzaion ere. Nahitaezko prestaketa militarra amaituta, zer egin aukeratu behar izan zuen. Ez zuen herrira bueltatu nahi, eta hori beharrean, oraindik bizitoki duen Donostiara joan zen, bertan zuen anaiarekin lan egitera. Erabaki hark bere etorkizuna erabat baldintzatu zuen, ogibidea eta pasioa bilakatuko zena aurkitu baitzuen. 

Zapatari ofizioa ikasi, eta egunez egun trebezia lantzen darama 45 urte, azken mende laurdena, Sasoetan. Erretiratzeko batere gogorik ez du, ezta asmorik ere, "bizpahiru urtean gutxienez". Egindako bideaz eta ogibideaz mintzatu zaio TXINTXARRI-ri. Baita, nahi gabe, zapatari sekreturen bat aitortu ere...

Bizitza erdia baino gehiago daramazu oinetako artean. Ogibidea zuk hautatu zenuen ala berak zu?

Inoiz ez zitzaidan burutik pasa ere egin! Ez nuen uste amak zapatariarenera bidaltzeaz gain, oinetakoekin harreman gehiago izango nuenik... 

Orduan, nolatan zapatari?

Soldaduska egin eta lizentziatu nindutenean, "eta orain zer?" pentsatu nuen. Urte eta erdi egon nintzen marinan, nahiz eta gertuen ikusia nuen ura iturrikoa zen, barrualdekoa izanda... Soldaduska aurretik Eibarren bizi nintzen eta ez nuen hara itzuli nahi. Donostian nuen anaiari deitu nion lanik bazen galdetzeko eta hara joateko esan zidan. 'El madrileño' ezizena zuen zapatari bat bazen Parte Zaharrean, Abuztuaren 31 kalean Roldan lantegia zuena, eta anaiak berarentzat lan egiten zuen. 

Beraz, honetan hasi zinen beste edozertan bezala...

Horixe bera. Anaiak beste zerbaitetan lan egin izan balu, hura izango nintzatekeen! Baina, egia esan, gustatu zitzaidan, ikasten joan nintzen... 

Non ikasi zenuen ogibidea?

Roldanen. Parte Zaharreko lokala txiki gelditu zitzaienez, Urdaneta kalean handiago bat hartu, eta tailerra hara eraman zuten. Bestea utzi zuten bilketa gune eta eskuz egin beharreko zenbait lanetarako: josi, itsatsi, piezatxoak... Anaia han gelditu zen eta berarekin hasi nintzen lanean, salmahaiaz arduratzen. Nagusiak beste dendarako norbait behar zuela-eta hara bidali ninduen arte. Mostradorean jarraitu nuen, eta tarteka, ofizioa irakasten joan zen. Ogibidea berak irakatsi zidan, oso ondo, gainera; eta berarekin lanean aritu nintzen ia hogei urtez,  kaleratu egin ninduen arte. Bidegabea izan zen, zenbait gastu murriztu nahi zituelako...

Donostia utzi, eta 1996an Sasoetako lokal honetara etorri zinen. Zergatik aukeratu zenuen Lasarte-Oria?

Lagun lasarteoriatar batzuek lokal honi buruz hitz egin zidaten; mertzeria zen eta jabea uztekotan zen. Lekua ikusi nuen, egokia iruditu zitzaidan, eta ekin nion.  Hutsetik negozio bat aurrera atera behar izan nuen. 

"Oinekin ibiltzen garen bitartean,
oinetakoak urratzen jarraituko dugu"

Lehiakide asko al zenituen?

Une horretan beste lau zapatari zeuden. Michelinetik gertu zegoena jubilatu egin zen, egia esan, oso zapatari ona zen. Hor atzean beste bat egon zen hilabete gutxi batzutan, hemendik gertu bat ireki eta itxi zuten ere... Orain hiru garela uste dut. Lehia izan da Lasarte-Orian. 

Ahoz ahokoak halakoetan eragin handia izaten du, ezta?

Bai. Lehengoan neska bat etorri zen hiru bota parerekin, aurrekontua egin nion eta haien bila etorri zenean esan zidan bezero batek aholkatuta zetorrela; eta pozik zegoenez, etortzen jarraituko duela. Ahoz ahokoa da publizitate onena, onerako eta txarrerako. Txapuza bat egiten baduzu, horrengana ez joateko aholkatuko diete besteei. Inor ez da perfektua eta denok hanka sartzen dugu... 

Auzoa aldatu al da urteotan?

Bai. Etorri nintzenean, Gaztelekua dagoen tokian Nogues supermerkatua zegoen, gero beste marka batek hartu zuen... Azkenean, hura bota eta zulo izugarria zegoen. Hemen atzeko plazetan lokalak zeuden eta udalak egun batean eraistea erabaki zuen, beste toki bateko etxabeak eman zizkien. Pareko etxe hori ez zegoen, plaza zaharberritu dute... Orduantsu kendua zuten hilerria eta parke bat egin dute... Asko aldatu da. 

Eta zapatari lana?

Zola edo tapa batzuk jartzea, barne-zolak aldatzea... Hori ez da aldatu, ibiltzeko modua eta igatzekoa bera baitira. Aldatu dena teknologia da. Haurra nintzenean zapatariak eserita egoten ziren beti eta dena eskuz egiten zuten. Niri, jada, ez zidaten hala irakatsi. Ez naiz egun osoan esertzen, josteko bakarrik. Daudenak hartu, eseri, eta jarraian egiten ditut denak. Hala ere, bada oraindik ideia hori buruan duenik: zapatariok eserita lan egiten dugula... Inondik ere ez! Guztiz kontrakoa. Josteko makina elektrikoak ere badaude, baina niretzat ez dira batere praktikoak, betikoa nahiago dut. Honek, gutxienez, 80 urte ditu, bigarren eskukoa erosi nuen eta oraindik funtzionatzen du.

Zeintzuk dira zeregin ohikoenak?

Tapak eta zolak aldatzea. Itsatsi, josi, piezak jarri... Oporren bueltan belarria duten sandalietan goma aldaketa pila bat egiten ari naiz, kontua galdu dut! Poltsen kremailerak ere dezente aldatzen ditut metalikoak modan jarri zirenetik. Ia denek arazoak eragiten dituzte.

Eskaeran alderik edo lan kargan beherakadarik nabaritu al duzu?

Nire kasuan ez, behintzat. Txinatarren dendak zabaltzen hasi zirenean, ez bazen kalitatezko oinetako parea, dirua kostatu zitzaiena, egia da, jende gazteak bereziki, erabili eta bota egiten zuela. Ez zitzaidan batere logikoa iruditzen, nahiz eta diru gutxi kostatu. Hobe da ondo dauden hiruzpalau oinetako pare edukitzea, kaskar dauden hemezortzi baino. Gainera, gutxien erabiltzen dituzun horiek zuritu egingo dira edo zola pitzatu egingo zaie... Garai hartan lan karga pixka bat jaitsi zen, gero jendea konturatu zen hori ez zela bidea. 

"Asebete egiten nau ekarritakoa ondo konpontzeak eta jabeak pozik daudela ikusteak"

Hortaz, jendea ohartu da merkea garesti atera daitekeela.

Bai. Niri ez zait lanik falta. Ez dut uste ogibide hau gainbehera doanik, oinekin ibiltzen garen bitartean, oinetakoak urratzen jarraituko dugu. Plastikozko oinetakoak saltzen jarraitzen dute, eta ez dira merkeak. Eta oinetako garestiak badaude, 100 eurotik gorakoak izan ditut hemen... Normalean, egindako lanaren kalitateak eragiten du negozio bat ixtea. 

Eta zertan igartzen da? Nola jakin daiteke lan txukuna egin duela zapatariak?

Denak eragiten du: itxurak, noski; eta materiala egokia izatea ere, iraun dezan. Material egokia ez badut erabiltzen, polita gera daiteke, baina erabiltzaileak berehala urratuko du. Beste batek material ona erabil dezake, baina amaiera ezegokia eman... Gustua ere izan behar da lan egiteko. Negargura ematen zuten tapak ikusi ditut. Gogoan ditut satinez forratutako oinetako fin batzuei jarritako iltzeak... 
Nagusiak behin esan zidan: "Bezero bat badator askatu zaion tira bat josteko, zuk, josi, eta oinetakoa garbi iezaiozu. Horrela josita ikusteaz gain, inoiz baino garbiago ere ikusiko du". Behinola, konpondutako oinetako bat jaso, eta biharamunean zer egin nion galdetzeko bueltatu zen emakume bat. Beldurtu egin nintzen! Jakin nahi zuena zen garbitzeko zein produktu eman nion, besteari gauza bera eman nahi baitzion, itxura berdina izan zezan. "Sekretu profesionala" zela erantzun nion [kar, kar]. Estetika oso garrantzitsua da, zapatak itxuroso uzten ahalegintzen naiz. Kopiatuko dizkidaten sekretu asko kontatzen ari natzaizu!

Kontrako norabidean ere gauza bera gertatzen al da? Alegia, oinetakoak ikusita erabiltzaileari buruzko gauzak jakin al ditzakezu? 

Noski. %99ak kanpoaldera zapaltzen dugu. Horrez gain, daramatzan oinetakoen itxuragatik norbait nolakoa den jakin dezakezu. Batzuei berdin zaie zapatak garbi edo edonola eramatea. Lehen betuna orain baino askoz gehiago saltzen zen, denek txukun eraman nahi zituztelako. Egia da material batzuk garbitzen zailagoak direla,  baina... Bezero batzuek takoidun oinetakoak mahai gainean utzi eta erori egiten dira, erabat higatuta daudelako. Kalean entzuten dut zenbait takoidun  zapaten zarata... burdinarena, taparik ez dutelako.  

Lanetik kanpo ere arreta jartzen diezu...

Lanbidearen ajea da. Emakume bat ikustean, lehenik, aurpegian jartzen dut arreta, eta ondoren, automatikoki daramatzan oinetakoei begiratzen diet, nola ibiltzen den... Gizonetan, berriz, takoietan. Erabat higatutakoekin dabiltza batzuk...

Egiten duzunarekiko zure grinaren seinale ere izango da. Zer da lanetik gustukoen duzuna?

Betetasuna. Hautsitako zapatak ekartzen dizkidate eta bukatuta ikusten ditudanean pentsatzen dut: gizon edo emakume honek oinetako hauek erabiltzen jarrai dezake, oso gustura zeramatzala zioen. Batzutan jarri berri ditudan tapak kendu egin ditut gustura ez nengoelako; ondo ikusi behar dut. Bezeroak oinetakoak ikusi, eta pozik dagoela ikusteak, erabiltzen jarraituko duela esateak... Asebete egiten nau ekarritakoa ondo konpontzeak eta jabeak pozik daudela ikusteak.

Bizitza berri bat emango zenion oinetako pare askori, eta bera behin baino gehiagotan konponduko zenuen ere.

Bai. Gustura daramatzatenez normalean gehiagotan ekartzen dituzte, asko erabiltzen dituztelako. Ondoko portalean bizi den gizon batek badu oinetako pare bat, 20 urte ez baditu... Hamaika aldiz konpondu dizkiot, baina horren gustura erabiltzen ditu ez dituela oinetatik kentzen. Mokasinak dira, oso oinetako onak. Horregatik diot hobe dela diru pixka bat gastatzea: min gutxiago egingo dizute, edo batere ez, gehiago iraungo dute, eta dirua aurreztuko duzu. 

Urtetako bezeroak dituzu, beraz. Ingurukoak al dira?

Bezeroak auzokoak dira, baina baita herriko beste txoko batzuetakoak ere. Oriatik, La Esperanzatik... etortzen dira. Donostiatik espresuki datozenak ere badaude edo topoan egin ditudan bezeroak. Gehienak ezagunak dira, baina harrituta nago: egunero aurpegi berriak ikusten ditut, musukoarekin bada ere... Andatza plazan azoka jarri dutenetik auzotik aspaldi ibili ez den jendeak denda ikusi du; ez zekiten hemen nengoenik.  

Erretiroa hartu behar zenuen abenduaren 31n, baina jarraitzea erabaki duzu. 

Gizarte Segurantzak jarraitzeko aukera eman zidan eta egingo dudala uste dut. Datorren hilabetean gestorearengana joango naiz eta ikusiko dugu; baina bizpahiru urte gehiagoz jarraituko dut. Emaztea gazteagoa da eta berak oraindik lan egin behar du urte batzuez.

Ez zaizu lana falta eta gustura zaude...

Batzuetan kosta egiten zait; goizean ez, baina bazkalondoren... Kalera ateratzen naizen arte, topoa hartu eta hemen nagoenean, berdin zait. Ahalegin fisiko handiko lana balitz... Osasuntsu nago, ez dut sendagairik hartzen, eta ondo sentitzen naiz. Beraz, hiru bat urtez jarraituko dut; hortik pasako denik ez dut uste.