Zudaire, berriro ere Espainiako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:45
Markak ondu eta infantil mailako Espainiako txapelketa eskuratu du. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirolari promesa izendatu du Zudaire. Buruntzaldea IKTko alebin, benjamin eta aurrebenjamin igerilariak ere fin ibili dira liga jardunaldietan.

Nahia Zudaire gaztea Valentzian izan da asteburuan, Gazteen mailako Espainiako txapelketan lehian. Eta ez du hutsik egin: infantil mailako Espainiako txapeldun titulua eskuratu du,  beste behin. Gainera, bere markak ondu ditu hiru probatan.

Zudairek lau probatan parte hartu du, eta horietan lortutako emaitzek eman dizkiote Espainiako txapeldun izateko puntuak; bi lehen postu eta bi bigarren eskuratu ditu. 

Larunbatean fin ibili zen Zudaire. 50 metro tximeletan 38,24 egin du, eta 100 metro libreetan, 01:15,79. Bi probatan lehen postua erdietsi du gazteak, eta, gainera, bere marka hobetu du.

Igandean ere ederki egin zuen igerian. 100 metro tximeleta proban 1:31,62 eginda, bere aurreko marka hobetzea lortu du.  50 metro libre proban, berri, bere marka onenetik bost ehunekotara bakarrik geratu da (36,07).

Honez gain, Zudairek pozik egoteko beste arrazoi bat ere badu. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kirolari promesa izendatu du kirol egokitu mailan.

Ez da herritar bakarra izan; Enara Fernandez eskiatzaileak ere jaso du izendapena.

Honen bitartez, haien kiroletan trebatzen jarraitzeko diru laguntza jasoko dute bi kirolari gazteek.

Nahiaz gain, larunbatean Tolosan lehiatu zuten ere alebinek, benjaminek eta aurrebenjaminek.

Alebinen Ligako 4. jardunaldian 200 metro bular proba eta 100 metro tximeleta proba egin dute, eta igerilari gazteak lehen postuetan izan dira. 4x100 metro bizkar estiloko erreleboko proba ere izan da. Neskek bigarren amaitu dute, eta mutilek, berriz, hirugarren.

Aurrebenjamin eta benjaminek Test/Ligaren bigarren saioa izan dute. "Guztiak bikain aritu dira, probak benetan txukun burutuz", esan du Borja Apeztegia entrenatzaileak.
Bestalde, larunbatean, 10:00etatik aurrera infantil, junior eta absolutu mailako Luzera Handiko Euskadiko txapelketa jokatuko da Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. Buruntzaldea IKTko Leire Martinek, Lander Sorozabalek eta Iñigo Ibarburuk hartuko dute parte.