Zilarra irabazi dute Navarro ahizpek Oliten
Saskibaloiko Hego Euskal Herriko txapelketa jokatu dute kadeteek Gipuzkoako selekzioarekin; finala galdu dute Bizkaiaren aurka. Jokalariez gain, beste hiru herritar ere daude taldean: Ander Otaegi hautatzailea, Xabi Altuna eta Endika Marrahi laguntzaileak

Bi urtez federazioan laguntzaile moduan aritu ostean, aurten lehen aldiz hartu du Ander Otaegik (Lasarte-Oria, 1994) Gipuzkoako selekzioaren gidaritza. Ostadarreko entrenatzaileak kadete neskak gidatu ditu Hego Euskal Herriko txapelketan, Oliten, asteburuan jokatutako Lauko Finalean. Arabari irabazi, baina finalean Bizkaiaren aurka galdu dute (59-50). Aulkian ez ezik, kantxan ere izan dira herritarrak. Judith eta Garazi Navarro ahizpak garrantzitsuak dira bostekoan. "Judith da taldeko onenetakoa. Ez du bereziki txapelketa ona jokatu, baina erabakigarria izan da halere", azaldu du Otaegik. Donostiako Easo taldean jokatzen dute bi ahizpek. 

Gipuzkoako taldeak Euskal Ligako lehen postuetan aritzen dira, eta horrexek egiten zuen faborito Otaegiren taldea Arabaren aurka. Halere, Ostadarreko seniorren entrenatzailea ez zen fio. Eta ia ezustekoa eman zuten arabarrek. "Oso ondo prestatu zuten partida, eta ia galduta geneukan. Bukaeran lortu genuen ozta-ozta berdintzea, eta luzapena jokatzea". Hain zuzen, Judith izan zen berdinketarako puntuak sartu zituen jokalaria. Gipuzkoarrak luzapenean hobeak izan ziren, eta 68-61 irabazi zituzten finalerdiak. 

Igandean hobeto jokatu zuten, baina ez zen nahikoa izan Bizkaiari irabazteko. Lau kategoriatan, kadete eta infantil neska-mutiletan, jantzi dute txapela bizkaitarrek. Eta denetan izan da finalista Gipuzkoako selekzioa. "Hobeak izan dira. Hirugarren laurdenera arte hor eutsi genien, baina azkenean markagailuan urrundu ziren". 

Edonola ere, ez zuten itxaropena guztiz galdu. Hiruko saskiratze bat sartu zuen Judithek, eta bi minuturen faltan lau puntura jarri ziren. "Baina ezin izan genuen irabazi". 

45 jokalariko zerrenda hasieran 
Ez du lan erraza izan Otaegik. Iazko kadeteen taldea oso ona zen, eta zaila zuen entrenatzaile gazteak hura ahantzaraztea. Halere, "gogoz" bete du eginkizuna. Finalera iritsi, eta azken unera arte lehiatu da taldea Bizkaiko selekzio indartsuaren aurka. 

Ez da bakarrik egon zeregin horretan. Xabi Altuna eta Endika Marrahi izan ditu laguntzaile. Iaz hasi ziren hiru entrenatzaile lasarteoriatarrak lanean. "45eko zerrenda batekin hasi ginen. Lau entrenamendu egin genituen, zein maila zuten ikusteko. Aurten hemezortziko talde batekin hasi gara lanean". Jokalarien ligako partidak ikusi eta estatistikak aztertu dituzte erabakiak hartzeko. 

Zazpi astez lan egin dute, entrenatzeko eta txapelketa prestatzeko. Hamabi jokalariko zerrenda hautatu behar du azkenean Otaegik, eta azken bazterketak egiteko baliatzen ditu saio horiek.  
Otaegik onartu du iazko taldea "hobea" izan zitekeela, baina, halere, "maila oso ona" dute Gipuzkoako kadeteek. "Oso ona da belaunaldi hau. Ikaragarri maila altua dute". 

Ostadar taldeko entrenatzailea 
Gipuzkoako lehenengo mailako seniorrak entrenatzen ditu Otaegik. Maila ona du taldeak; iaz Lauko Finalera sailkatu ziren. Baina desberdina da selekzioaren ardura hartzen duenean: "Ume batzuk dira, 15 urte dituzte, baina aurreratuagoak daude, bai jokoa ulertzerako orduan, baita teknikoki ere. Fisikoki oraindik ez daude osatuta, baina oso onak dira. Plazer bat da haiek entrenatzea". 

Banaka jokalari onak izanagatik, taldelanean ohitu beharra dute, klub desberdinetakoak baitira jokalariak. "Hori da zailena. Ez daude ohituak batera jokatzera. Defentsan ez dute hitz egiten, eta bost entrenamendu ez dira nahikoak". 

Gipuzkoako selekzioarekin kontzentrazioa amaituta, orain Euskadikoak kadeteen deialdia egin du. Bertan dago Judith. Lehenengo entrenamendua dute igandean.

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
ZORION AGURRAK
ANDER
Zorionak Ander, zure familia guztiaren partetik.
AZKEN PDFa
1441 ( Azaroak 16 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Orue ( Larunbata)
Jaizkibel plaza 2
Tel: 943 362652
ASTEA
    • Orue ( Igandea )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Lasa ( Astelehena )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteartea )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Asteazkena )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Osteguna )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Ostirala )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48