Zazpi herritarrek zeharkatuko dute Kontxako badia igerian

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 8a, 12:30
Ur irekietako azken zeharkaldia jokatuko dute Donostian. Buruntzaldea IKT-k ireki du izen ematea

Itsas zeharkaldien denboraldia ez da oraindik amaiatu. Asteburu honetan jokatuko da azkenetariko proba bat, Donostian. Eta nola ez, ur irekietan jarduten duten lasarteoriatarrak ere proba horretan lehiatuko dira. Larunbatean, 11:45ean hasiko da Kontxako Badiako Igerialdia. Nautikotik hasita, badiari itzulia egingo diote, 2.200 metro bete arte. 

Lasarte-Oriako bi emakumek eta bost gizonek eman dute izena. Donostiako Badiako Igerialdia ur irekien denboraldiko proba aitzindaria da; 1943. urtetik egiten da, eta Easo Igeriketa Taldeak antolatzen du. Gipuzkoako Zeharkaldien Ligaren azken proba da. 

Itsaso zakarra aurreikusi dute astebururako, eta tentuz aritu beharko dira igerilariak. Badiari itzulia emateko bost buia hartu beharko dituzte erreferentziatzat.  Hiru irteera emango dituzte, bakoitzak izen ematerako orduan ezarri duen denbora aurreikuspenaren arabera. Txikienek ere lehiatuko dute zeharkaldian: 740 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Probaren ostean, jatekoa eta edatekoa emango dute portuaren inguruan. 

Buruntzaldea IKT

Eta ur irekietako denboraldia amaitzearekin batera hasi da estalitako igerilekuena. Buruntzaldea IKT-k ireki du izena emateko epea. Lasarte-Orian izena eman dezaketen haurrik gazteenak 2010ean jaiotakoak dira. Ordutegiei eta kuotei buruzko informazioa buruntzaldeaikt.blogspot.com helbidean edo 696 506 632 telefonora deituta dago eskuragarri.