Xabier Elizegi laugarren Santurtzi-Bilbo zeharkaldian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 1a, 15:02
Santurtzitik Bilbora egin zuen igeri Xabier Elizegi herritarrak joan den igandean. Sailkapen orokorrean laugarrena izan zen, eta hirugarren postua eskuratu zuen Senior kategorian. Bestalde, Pili Bodegas triatleta Gipuzkoako txapeldun izan zen Onditz memorialean.

3 ordu, 12 minutu eta 13 segundo behar izan zituen Xabier Elizegik Santurtzi-Bilbo zeharkaldiko helmuga zeharkatzeko. Hatz puntekin ukitu zuen Elizegik sailkapen orokorreko hirugarren postua baina gutxigatik ez zuen lortu; lau segundo lehenago bukatu zuen proba Xabier Gordoak. Dena den, bere kategorian hirugarren izan zenez, garaikurrarekin bueltatu zen etxera Elizegi.

Bodegas Gipuzkoako txapeldun

Joan den asteburuan jokatu zen baita ere Onditz oroituz triatloia. Pili Bodegas herritarra zazpigarren izan zen sailkapen orokorrean, eta lehena emakume gipuzkoarren artean. 1500 metro egin zituen igerian, 40 kilometro bizikletan eta 10 korrika. 

Distantzia hori bera egin zuten herriko Saiatuz taldeko hiru triatletak: Leonardo Juarezek, Pablo Ucerok eta Andoni Salsamendik. Hirurek zeharkatu zuten helmuga-lerroa.