V. Lasarte-Oriako BTT proba igandean Andatzan barrena, ibilbide moldatuarekin

jon-altuna-egitegi 2015ko api. 15a, 14:03

Buruhauste dezente izan dituzte MKL denda eta Saiatuzeko kideak aurtengo ibilbidea finkatzeko. Andatza goikaldean zuhaitzak mozten ari dira eta pistak egoera txarrean eta lan-makinaz beterik daude. Dena den, azkenean lotu dituzte aurtengo edizioko azken xehetasunak. Bi ibilbide izango dira aukeran. Luzeak 35 kilometroko luzera izango du eta 1.100 metroko desnibel positibo metatua (3:30h). Laburrak berriz 29 kilometro izango ditu eta 1.000 metroko desnibel positibo metatua (2:30h).

Azken orduko izen-emateak egiteko aukera dago egunean bertan, proba hasi aurretik, 8:30etik 9:15era eta 15 eta 17 euroko prezioa izango du inskripzioak. 

Goizeko 9:30ean ekingo dio lokatzez zipriztindu aurreko tropel koloretsuak 2015eko edizioari. Antolakuntzak jakinarazi du anoa postuetan elikagai solido eta likidoak izango dituztela txirrindulariek ibilbidean zehar: pastelak, frutak, esnekiak eta edari isotonikoak izango dituzte aukeran parte-hartzaileek. Iazko arrakasta ikusita, aurten helmugan hamaiketako bikaina egiteko aukera ere izango dute ziklistek: txistorra pintxoak, salda, haragi egosia, albondigak... Eta nola ez, garagardoa gorputza hidratatzeko. Sari banaketa proba amaitzean egingo da.

2014ko trabesiaren bideoa, David Sanchezen eskutik