Urteko azken mendi erronka, elkarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 22a, 17:00
Hiru herritar lehiatu dira Nafarroa Xtrem mendi lasterketan: Javi Olazagoitia eta Xanti Trantxe luzean, 67 kilometrokoan, eta Joseba Iparragirre motzagoan, 32 kilometrokoan. Trantxek eta Olazagoitiak batera amaitu dute proba, 9:38 ordutan

Oraindik igandeko balentriatik errekuperatzen ari dira hiru lasarteoriatarrak. Mendiz mendi ibili ziren joan den asteburuan, Nafarroa Xtrem lasterketan, Pirinioen bueltan. Javi Olazagoitiak eta Xanti Trantxek 67 kilometro eta 4.000 metro desnibel positiboko lasterketa egin zuten, eta Joseba Iparragirrek, berriz, 32 kilometro eta 1.890 metro desnibel positiboko bertsio laburragoa. 

Olazagoitiak eta Trantxek eskarmentua dute gisa honetako lasterketa luzeetan, asko baitituzte eginak. Iparragirrek bezala, urteko azken erronka gisa planteatua zuten Nafarroa Xtrem. Iraileko lasterketek, ordea, badituzte albo ondorio batzuk: "Udako garagardoak eta, gutxiago zaintzen zara, eta gehiago kostatzen da horrelako lasterketa baterako prestatzea. %100ean ez bazaude, lasterketak segituan jartzen zaitu zure lekuan", esan du Olazagoitiak.   

Ibilbide luzeko bi lasterkariek 9:38 ordu behar izan zituzten 67 kilometroak eta sei mendateak igotzeko. "Eguraldi bikaina egin zuen. Lokatza pixkat bazegoen, baina ez gehiegi", azaldu du Trantxek. Iaz baino gehiago gozatu du, euripean egin baitzuten orduan proba. "Ez nuen paisaiaz gozatzeko aukerarik izan". 

Adiskidetasuna mendian
Baina denboraz eta markez harago, korrikalariek nabarmendu dute gisa honetako erronkek sortzen duten adiskidetasuna. Trantxek eta Olazagoitiak elkarrekin egin dituzte hamaika lasterketa, baina orain arte ez dira sekula batera helmugaratu.  “Hitz egin genuen, eta esan genuen: zer demontre, behingoagatik goazen elkarrekin bukatzera. Zer axola dio sailkapenak. Oso polita izan zen”, esan du Olazagoitiak. "Asko laguntzen du konpainiak. Burua okupatuta edukitzen duzu horrela", azaldu du Trantxek. 

Lasterketa gaztea da Nafarroa Xtrem; bigarren urtea besterik ez du. Aurten parte hartzea baxua izan arren, Lasarte-Oriako korrilakariek uste dute arrakastatsua izango dela proba. "Oso ona da antolakuntza, segurtasuna, anoa postuak eta markatzea primerakoak dira. Ibilbidea oso gogorra da, baina izugarri ederra. Korrika egiteko kilometro asko daude, baina aldapa izugarri gogorrak dira", dio Olazagoitiak.  

Mendi lasterketa luzeetako  korrikalarientzat Euskal Herrian Leitzako Mendi Erronka da erreferentzia. Olazagoitiak eta Trantxek egina dute. "Oso desberdinak dira. Gogorragoa da Nafarroa Xtrem. Gainera, Leitzakoa ezagutzen nuen, eta badakit noiz estutu, eta noiz lasai ibili. Nafarroan ez nekien zer nuen aurretik", esan du  Olazagutiak. 

Une txarrak
Ordu luzez aritu dira lehian bi herritarrak, eta izan dituzte une txarrak. "Pazientzia edukitzea" da, haien ustez, lasterketa ongi bukatu ahal izateko gakoa. "Zuri komeni zaizun erritmoan joan behar duzu, eta mentalki prestatuta egon behar zara. Ondo zaudenean, agian ez zaude hain ondo. Eta gaizki zaudenean, gorputzak badu ahalmena horri buelta emateko", adierazi du Trantxek. 

Hain zuzen, berak arazoak izan zituen giharretan. "Abduktoreetan karranpak izan nituen. Une batez geldi geratu nintzen, luzaketak egin nituen, eta aurrera jarraitu ahal izan nuen". Olazagoitiari ere luzea egin zitzaion proba, eta azken unean sufritu zuen. "Xantik itxaron egin behar izan ninduen bukaeran, giharrak oso kargatuta nituelako". 

Laburra, 32 kilometrokoa
Lasterketa laburrean ere izan zuen ordezkaritza Lasarte-Oriak. Iparragirrek 4:13 ordu behar izan zituen lasterketa osatzeko. "Espero baino hobeto egin nuen, tenperatura freskoak lagundu zuen". Lehenengo hogei kilometroak egin zitzaizkion zailak Iparragirreri. "Katarroa nuen, eta gorputzari buelta eman arte sufritu egin nuen". Bi mendate igo zituzten, Adi eta Zotalar, eta azken zazpi bat kilometroak maldan behera egin zituzten. "Harri kozkor tartean ibili ginen aldapa behera, eta gogor samarra egin zen". 

Distantzia horretan gustura ibiltzen da Iparragirre. "Mendi maratoi bat egin dut; hor dago nire muga, nahikoa dut horrekin". Iparragirrek ere amaitu du denboraldia. 

Orain, merezitako atsedena hartuko dute hiru kirolariek, nahiz eta dagoeneko buruan badituzten 2018rako erronkak. Dena den, urte amaiera arte ez diote korri egiteari utziko: Lasarte-Oria Bai krosa dute begiz jota.