Urriko azken iganderako beroketa ariketak egiten

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 10a, 21:33
Bi aste eskas falta dira Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren 23. ediziorako. Ibilbidean iaz egindako aldaketak mantendu egin dituzte, eta Ipar Martxako kideek erakustaldia egingo dute lehen aldiz. Euskaraldiko hamaikakoak eramango du 1 zenbakidun dortsala

Hasi da urteko kirol ekitaldi garrantzitsuenetako baten atzerako kontua: iristear da Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoia. Ostadar SKTko arduradunak Okendo plazan elkartu dira gaur arratsaldean, urtero legez, 23. edizioaren nondik norakoen berri emateko. Lehenengo paragrafo honetan, zertzelada batzuk: urriko azken igandean jokatuko da (hilak 28); ibilbidean iaz egindako aldaketak mantendu egingo dituzte eta Ipar Martxako kideek erakustaldia egingo dute, kirol probaren historian lehen aldiz. Izen-ematea irekita dago honezkero: Ostadarren web orrialdean eta sailkapenak.com atarian apuntatu daitezke kirolariak.

Talde argazkia jendetsua izan da kirol modalitate gehiago egongo direlako aurtengo krosean, eta 1 zenbakidun dortsala taldean eramango dutelako: Euskaraldia egitasmoko hamaikakoko kideek jantziko dute. "Euskaraldiaren urtea denez, ekimenarekin bat egin nahi dugu eta aitortza honen bidez gure hondar aletxoa jarri", adierazi dute Ostadar SKTko kideek. Azaroaren 23an hasiko da lasarteoriatarren hizkuntz-ohiturak aldatzeko ariketa hori, eta abenduaren 3an bukatu. Euskal Herri osoko 400 herri eta hiri baino gehiagok parte hartuko dute.

Iazko ibilbide bera

Patin-lasterkariak krosean hobeto integratze aldera, zenbait aldaketa egin zituzten antolatzaileek ibilbidean. Moldaketa horiek mantentzea erabaki dute aurten. "Korrikalariek begi onez hartu zituzten aldaketak, eta hobetu egin genuen ibilbidea", adierazi dute antolatzaileek. "Datozen urteetan berdin mantendu nahi dugu". 10 kilometro osatu beharko dituzte korrikalariek, gurpildun aulkiko lasterkariek eta patinatzaileek. Ipar Martxako kideek, berriz, 5,3 kilometroko erakustaldia egingo dute.

Azken urteetan bezala, Geltoki kaletik (Frutas Ruiz frutadenda paretik) aterako dira kirolariak, eta Okendo plazan helmugaratu. Modalitate bakoitzeko parte-hartzaileak ordu zehatz batean hasiko dira proba egiten: patinatzaileak, 10:25ean; gurpildun aulkikoak, 10:28an; bi minutu beranduago hasiko dira korrikalariak, eta, azkenik, Ipar Martxakoak 10:35ean.

Ipar Martxarekin froga

Harrera ona izan du Ipar Martxa kirolak herrian. Duela hiruzpalau urte iritsi zen, eta hazi besterik ez da egin ordutik, Ostadar SKTren sailetako bat izateraino. Joan den urtean hasi ziren aztertzen krosean parte hartzeko aukerarik ba ote zuten, eta, lasterketaren antolatzaileekin batera, erabaki dute froga bat egitea aurten. Ez da aurreneko aldia izango: duela bi urte patinatzaileekin ariketa bera egin zuten.

"Parte-hartzaile guztien arteko elkarbizitza posible den edo ez aztertu nahi dugu", diote Ostadar SKTren arduradunek. 50 bat martxalarik parte hartuko dute. Ikusten badute ongi moldatzen direla, 2019ko krosean lasarteoriatar guztiei emango diete aukera modalitate horretan apuntatzeko.

Krosean izena emateko aukerak

Urriaren 28ko kirol ekitaldi erraldoian parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete honezkero. Datorren asteko ostegunera arte, hilak 18, Internet bidez soilik. Egun horretatik aurrera Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian egongo dira Ostadar SKTko kideak, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Azken ordura arte apuntatu ezin diren herritarrak ez daitezela larritu: lasterketa bezperan Michelingo frontoian izena eman dezakete, 11:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 19:30era. Krosaren egunean ere edukiko dute aukera, 09:00etatik 10:00etara.

Prezioak ez dira aldatu: Ostadarreko bazkideek 8 euro ordaindu beharko dituzte; bazkide ez direnek, 12, eta azken orduan apuntatzen direnek 20. Dortsalak, kamiseta teknikoak eta zozketetako sariak bezperan jaso beharko dituzte parte-hartzaileek, frontoian, aurreko paragrafoan zehaztutako ordutegietan. "Internet bidez izena ematen dutenek NANa, EHNA edo antzeko agiriren bat erakutsi beharko dute; lokalean apuntatzen direnek, bertan jasoko duten ziurtagiria".

Gaztetxoak, Korrika Festan

Kirolari helduak ez dira kroseko protagonista bakarrak. Gaztetxoen Korrika Festak hemezortzi urte beteko ditu aurten. 12:15 aldera hasiko da, helduek bukatu eta berehala. Lehenengo lasterketetan infantil eta kadete mailako korrikalariak ariko dira. Bi proba horiek amaitzean, gainontzeko urteetako neska-mutilek egingo dute lasterka, 2013an jaiotakoetatik hasi eta 2007koetaraino. Adinaren araberakoa izango da osatu beharreko metro kopurua: gazteenek 100 metro egingo dituzte; zaharrenek, 1.200. Tartean, beste hiru distantzia: 150 metro, 400 eta 800.

Gaztetxoek kultur etxeko kafetegian eman beharko dute izena, helduen egun eta ordutegi berean. Bost euroren truke kamiseta, domina, edateko jorgurta eta gailetak jasoko dituzte.

Babesleak gogoan

Prentsaurrekoa bukatu aurretik, krosaren babesleen lana gogoratu dute Ostadar SKTko kideek. Etxezarreta harategiak, Avenida tabernak, Frutas Ruiz frutadendak, Ventanas San Miguel denak eta Lasarte-Oriako Udalak lagundu dute kirol ekitaldia aurrera ateratzen. Bolondresen eta laguntzaileen "ezinbesteko ekarpena" ere nabarmendu dute.